Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Iñaki Caverok kontratua berritu du Bidasoa Irunekin 2025era arte

EITB Media

Jokalaria eta kluba akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen dituen kontratua luzatzeko. Cavero "pozik" azaldu da kontratua berritu ostean.

  • Iñaki Cavero

    Iñaki Cavero, Granollersen aurkako Errege Kopako partida baten. Argazkia: EFE

Iñaki Cavero Echeparek kontratua berritu du Bidasoa Irunekin 2025era arte. Elkar lotzen dituen kontratua luzatzeko akordioa sinatu dute bi aldeek ostiral honetan (abenduak 23).

Eskuin hegaleko jokalariak Irungo El Pilarren hasi zuen bere ibilbidea eskubaloian. Bidasoa Irunen lehen taldearekin 2013ko urtarrilean egin zuen debuta Euskal Kopan, Egiaren aurka. Ordutik, 199 partida jokatu ditu Plenitude ASOBAL Ligan, zortzi denboralditan, eta 465 gol sartu. Bigarren Mailan beste 50 gol sartu zituen. Bestalde, Europako 30 neurketa jokatu ditu (102 gol), horietatik 11 Txapeldunen Ligan. Gainera, Errege Kopako 20 norgehiagoka (47 gol) ditu bere bizkar, baita Plenitude ASOBAL Kopako 7 partida ere (31 gol).

Cavero pozik azaldu da kontratua berritu ostean: "Nire herriko taldea da. Oso pozik nago egiten ari garenarekin gozatzen jarraitu ahal dudalako, ematen ari naizen mailarengatik eta nigan duten konfiantzarengatik. Klubari ahal dudan guztian laguntzen saiatuko naiz".