Beste kirolak
EUROPA LIGA
Bidasoak hirugarren postua defendatuko du Pelisterren aurka, Mazedonian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Irungo taldeak hirugarren postua lortzeko borrokatuko da mazedoniarren aurka Bitolan (Ipar Mazedonia). Partida zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en eta ETB4n 20:45ean.
-
Bidasoa Europa Ligan. Argazkia: EITB MEDIA
Bidasoa-Irunek, Asobalen erdipurdi eta Europan sendo dabilenak, Europa Ligako bere multzoko hirugarren postua defendatuko du Ipar Mazedoniako Bitola herrian, posizio horren lehian aurkari zuzena den Eurofarm Pelisterren aurka.
Irundarrak aste berean bi aurpegi oso ezberdin ematen ari dira: Europakoa positiboa den bitartean, Ligan aurreikuspenen azpitik dabiltza gipuzkoarrak, eta horren erakusgarri asteburu honetan Puente Genilen izandako azken kontrako emaitza (36-35).
Hala ere, irundarrek iragan astean garaipena lortu zuten mazedoniarren aurka Artalekun, 12 goleko aldearekin (32-20). Emaitza horrek Bidasoari mesede egingo lioke berdinketa gertatuz gero, bien artean jokatuko baitituzte final-zortzirenetarako txartela ematen duten multzoko hirugarren eta laugarren postuak.
Bidasoarekin batere atsegina ez den kantxa espero da, izan ere, Boro Curlevski pabiloiak 2.000 zale sutsu biltzen ditu batez beste, puntuak etxean gera daitezen saiatuko direnak. Duela hiru urte Bidasoak galdu egin zuen Eurofarm Rabotniken aurka, hau da, egungo aurkariaren aurretiko taldea
Bidasoak Rodrigo Salinas gabe bidaiatuko du. Teorian biharkoa litzateke bere azken partida kantxetatik kanpo, taldearen entrenamendu dinamikara bueltatu baita. Hala ere, ziurrenik ez da jokatzen hasiko Suediako eta Poloniako 2023ko Munduko Txapelketa bukatu arte. Aipatu txapelketa urtarrilaren 11tik 29ra jokatuko da.
Pelisterren eta Bidasoaren arteko neurketa zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en eta ETB4n, 20:45etik aurrera.