Itxi

Beste kirolak

44. edizioa

Sirwanei eta Fekadu, 2022ko Donostiako Maratoiko irabazleak

A. B. E. | EITB Media

Rebecca Sirwaneik 2 ordu, 23 minutu eta 9 segundo behar izan ditu 42,195 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta emakumezkoen mailako probako marka berria ezarri du, 1995etik indarrean zen Ana Isabel Alonsorena (2:26:51) hobetuta.

0:41
Rebecca Sirwanei

Sisay Fekaduk eta Rebbeca Sirwaneik irabazi dute 2022ko Donostiako Maratoia igande honetan (azaroak 27). Lasterkariek Hernani Kalean hasi eta Boulevardean amaitu den 42,195 kilometroko ibilibidea gainditu behar izan dute.

Emakumezkoen mailan Rebbeca Sirwaneik jantzi du txapela, garaipena lortuta, 2 ordu, 23 minutu eta 9 segundoko markarekin. Keniarrak probaren historiako marka onena egin du, 1995etik indarrean zen Ana Isabel Alonsorena (2:26:51) hobetuta. Bigarren amaitu du Gladys Cherkuruik garailearekiko 3 minutu eta 12 segundora. Hirugarren postua Euliter Jepchirchirrek (2:28:20) bereganatu du.

Sirwaneik debuta egin du Donostiako Maratoian eta ezin izan du estreinaldi hobea eduki. Nagusi izan da hasieratik amaieraraino eta historia egin du probako marka berria ezarrita. Hiru minutu baino gehiago atera dizkio Chepkuruiri, eta 5 minutu baino gehiago Jepchirchirri.

Gizonezkoen mailan Sisay Fekadu nagusitu da, 2 ordu 13 minutu eta 29 segundoko markarekin, eta ezin izan du hobetu duela 20 urtetik indarrean den 2 ordu, 9 minutu eta 34 segundoko probako marka onena. Melese Kifle izan da bigarren irabazlearekiko 10 segundora. Hirugarren amaitu du Dereje Adugnak; honek, Fekaduk baino 23 segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko.

Zazpi korrikalari iritsi dira bat eginda azken kilometroetara; etiopiarrek erasoa jo eta atzean utzi dituzte keniarrak.  Geroago, Fekadu eta Kifle geratu dira lasterketaren buruan; Mekonenek ezin izan die jarraitu. Azken txanpan erritmoa bizitu du Fekaduk, bakarri geratu da, buruan, eta garaipena erdietsi du.