Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Roger Federerrek erretiroa hartuko du Laver Koparen ostean

I. G. | EITB MEDIA

Grand Slameko 20 titulu irabazi dituen tenislari suitzarrak erretiroa hartuko du Londresen irailaren 23tik 25era jokatuko den torneoa jokatu ondoren, 41 urterekin.

  • Roger Federer.

    Roger Federer. Argazkia: EFE

Roger Federer tenislari suitzarrak, Grand Slameko 20 titulu irabazi dituen munduko tenislari onen ohiak, erretiratu egingo dela iragarri du ostegun honetan, irailaren 23tik 25era Londresen jokatuko den Laver Kopa amaitutakoan.

Federerrek 41 urte ditu eta agur esango du "abentura zoragarri baten" ondoren, azken hiru urteak "lesio eta kirurgia moduan erronka bat" izan eta gero.

Jokalari suitzarrak, Wimbledongo zortzi torneoz gain (2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009, 2012 eta 2017), sei aldiz irabazi du Australiako Irekia (2004, 2005, 2006, 2007, 2010, 2017 eta 2018), bost aldiz jarraian AEBetako Irekia (2004-08) eta behin Roland Garros (2009).

103 titulu lortu ditu bere ibilbidean zehar, titulu gehien dituen historiako bigarren jokalaria izanik (Jimmy Connorsen 109 tituluen atzetik). Horrez gain, guztira banakako 1.251 partida irabazi ditu eta 275 galdu.

Era berean, munduko rankingeko lehen postuan ondoz ondoko aste gehien egon den tenislaria da (237), 2004ko otsailaren 2tik 2008ko abuztuaren 18ra. Guztira 310 aste eman zituen lehen postu horretan.