Beste kirolak
TENISA
Carlos Alcaraz, AEBko Irekiko txapeldun eta munduko tenislari onenen zerrendaren buru
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiar tenislari gazteak Casper Ruud norvegiarra gainditu zuen 6-4, 2-6, 7-6 (1) eta 6-3ko emaitzarekin.
-
Carlos Alcaraz Estatu Batuetako Irekiko irabazlearen garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Carlos Alcaraz espainiarrak (El Palmar, Murtzia) Ameriketako Estatu Batuetako Irekia, bere ibilbideko lehen 'handia', bereganatu du bart Casper Ruud norvegiarraren aurkako finala irabazita. Emaitza horrekin, gainera, munduko tenislari onenen zerrendaren lehen tokira iritsi den inoizko jokalari gazteena da, 19 urterekin (19 urte, lau hilabete eta zazpi egun).
Alcarazek hiru ordu eta 20 minutu behar izan ditu Ruud 6-4, 2-6, 7-6 (1) eta 6-3ko emaitzarekin azpiratu eta New Yorken loria eskuratzeko. Bertan irabazten duen garaile gazteena da 1990ean Pete Sampras gailendu zenetik.
Murtziarrak ginga jarri dio sekulako denboraldiari; izan ere, Miamiko eta Madrilgo Masters 1.000 txapelketak eta Bartzelonako eta Rio de Janeiroko tituluak irabazi ondoren, Estatu Batuetako Irekia gehitu dio bere palmaresari.