Beste kirolak
PISTA ESTALIKO MUNDIALA
Asier Martinez, laugarren 60 metroko hesidun probako finalean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atleta nafarra hirugarren postutik lau ehunenera geratu da, Grant Holloway estatubatuarrak irabazi duen proban.
-
Asier Martinez, Belgradeko pista estaliko Munduko Txapelketan. Argazkia: EFE
Asier Martinez atleta nafarrak laugarren postua eskuratu du asteburu honetan Belgraden jokatu diren pista estaliko Munduko Txapelketako 60 metroko hesidun finalean.
Grant Holloway estatubatuarrak irabazi du lasterketa 7.39ko markarekin, finalerdietan 7.29ko munduko marka berdindu eta bi ordura, hain zuzen ere. Martinez, berriz, brontzetik lau ehunenera geratu da (7.57).
Zilarrezko domina Pascal Martinot-Lagarde frantziarentzat izan da (7.50) eta brontzezkoa Jarret Eaton estatubatuarrarentzat (7.53).
Zizur Nagusiko hesi-jauzilaria bere marka pertsonal onena eginez (7.55) sailkatu da finalera, eta horrek hirugarren postua eman dio finalerdietako bigarren seriean. Martinez seigarren izan zen 2020ko Tokioko final olinpikoan.
Bere aldetik, Holloway munduko txapelduna da aire zabalean ere, 110 metroko hesidun proban, nahiz eta ezin izan zuen Hansle Parchment jamaikarra gainditu Tokio 2020ko final olinpikoan, duela zazpi hilabete.