Itxi

Beste kirolak

IZOTZ-HOCKEYA

Txuri-Urdin, ligako txapeldun lehen aldiz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Donostiarrek 2-3 irabazi diote Majadahonda egungo txapeldunari finaleko bigarren lehian, eta lehen aldiz bereganatu dute Iberdrola Liga.

1:24
Eva Aizpurua: ''Gure ametsa da''

Txuri-Urdin Donostiako taldea izotz-hockeyko liga txapeldun bilakatu da larunbat honetan, bere historian lehen aldiz. Gipuzkoarrek Majadahonda Madrilgo talde ahalguztiduna izan dute aurrez aurre liga erabakitzeko finalean, hau da, azken bederatzi denboraldietan zortzi aldiz liga bereganatu duen taldea, hain zuzen ere.

Alabaina, Koldo Saenzek gidatzen duen taldeak gehiago izan dela erakutsi du, finaleko lehendabiziko bi neurketetan gailenduta eskuratu baitu txapelketa. Izan ere, joan zen igandean 4-2 irabazi zuten, eta gaurkoan 2-3 nagusitu dira donostiarrak.

Joan zen astean gertatu legez, madrildarrek hartu dute aurrea markagailuan, baina lehen atsedenaldira heldu aurretik emaitza irauli du Leticia Abrisquetak eta Cecilia Lopezek sartutako golei esker (1-2). Lopez lehiako protagonista nagusia izan da, berea izan baita 1-3koa ere. Hirugarren zatian, baina, sufritu egin dute etxekoek markagailuko aldea murriztu dutelako. Dena den, hotzak estutu eta garaipenari eusteko gai izan dira.

Hala, donostiarrek bere estreinako Iberdrola Liga erdietsi dute hirugarren finalera iritsi eta gero, eta txapelketa irabazten duen laugarren taldea bihurtu da el CPL Valladoliden, ASME Bartzelona eta SH Majadahondaren atzetik.