Beste kirolak
ESKUBALOIA
Bidasoak bereganatu du Anaitasuna pabiloiko derbia (32-35)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Irundarrek bizirik iraun dute Juan del Arcoren gol zaparradari (12) eta Helvetia gainditu dute.
-
Helvetia Anaitasuna vs Bidasoa. EITBren bideo batetik hartutako irudia
Bidasoak garaipena lortu du Helvetia Anaitasunaren aurka larunbat honetan Iruñean (32-35), erritmo altuko partida batean. Irundarrak Juan del Arcoren gol emariari aurre egiteko gai izan dira, eta euren aulkiko sakontasun handiagoari eta Jose Manuel Sierrak azken minutuetan atean egindako lanari esker lortu dute garaipena.
Helvetia Anaitasunak eta Bidasoak golak trukatu dituzte lehia hasieran, eta etxekoen artean Del Arco nabarmendu da beste guztien gainetik (7 gol lehen zatian). Irungo taldean, berriz, gola askoz banatuago egon da.
Adrian Fernandezen eta Salinasen golek bi goleko lehen abantaila eman diote Bidasoari (8-10). Aitzitik, Del Arcok gidatutako 4-0eko partzialak markagailuko ekimena bueltatu dio Iruñeko taldeari (14-12), eta atsedenaldira arte errenta txikia mantentzea lortu du (17-15).
Del Arco bera izan da, bere zortzigarren golarekin, Helvetia Anaitasunari abantaila handiena eman diona bigarren zatia hasi eta berehala (18-15). Jacobo Cuetararen taldea, ordea, ez da urduri jarri, eta zazpi minuturen buruan norgehiagokako agintea berreskuratu du 1-5eko partzialarekin (20-21).
Hortik eta amaierara arte, Bidasoak ez dio markagailuan agintzeari utzi. Cuetarak atezaina aldatu: Sierra beteranoa jari du atepean Ledoren ordez, eta haren lana erabakigarria izango da egin dituen bost geldiketei esker.
Adrian Fernandezen eta Victor Rodriguezen golei esker, Bidasoak bere errenta handiena eskuratu du lehia amaitzeko hamar minutu baino gutxiago falta zirela (25-28). Nekeak eta irundarren defentsako lanak Del Arcoren eraginkortasuna murriztu dute, eta Meokiren ahaleginak gorabehera, Helvetia Anaitasunak ez du distantzia murriztea lortu.
Dominguezek erasoan zazpi jokalarirekin aritzea probatu du azken minutuetan, baina talde gipuzkoarra eraginkor agertu da hala egokitu zaionean, eta horrek amaiera lasai samarra izatea ahalbidetu dio.
Fitxa teknikoa
32 - Helvetia Anaitasuna: Bar, Meoki (5), Edu Fernández (2), Chocarro (-), Aitor García (1) Redondo (4) y Bonanno (1) –hasierako taldea– Gastón (-), Bazán (2), Ganuza (1), Pereira (4, 1 p), González (-), Del Arco (12) eta Iñaki Martínez.
35 - Bidasoa-Irun: Ledo, Odriozola (6), Aginagalde (2), Salinas (4, 1 penaltiz), Azkue (5, 1p), Zabala (2) y Víctor Rodríguez (4) –hasierako taldea– Cavero (2, 1p), Ugarte (1), Tesoriere (-), Da Silva (-), Adrián Fernández (6), Nieto (2) eta García (1).
Emaitza bost minututik behin: 2-2, 3-4, 6-6, 9-10, 13-12 eta 17-15 (atsedenaldia) 19-17, 20-21, 22-25, 25-27, 28-31 eta 32-35 (amaiera).
Epaileak: Macías de Paz y Ruiz Vergara. Bi minutuko zigorra ezarri diete Helvetia Anaitasunako Gaston, Bazan eta Aitor Garcia (2) jokalariei eta Tesoriere, Zabala, Azkue eta Cavero Bidasoako jokalariei.