Beste kirolak
Betiko gogoan
Ampo Ordiziak omenaldia egingo dio Kawa Leaumari, larunbatean
A. B. E. | EITB MEDIA
2021eko abenduaren 21ean hil zen jokalaria omenduko du klubak urtarrilaren 29an, Ciencias Enerside taldearen aurkako partidaren ostean.
Ordizia Rugby Taldeak omenaldia egingo dio Kawa Leaumari, 2021eko abenduaren 21ean hil zen jokalariari. Ekitaldia datorren larunbatean, urtarrilaren 29an, izango da, 16:00etan hasiko den Ampo Ordizia eta Ciencias Enerside taldeen arteko partidaren ostean.
Klubak eta Altamira errugbi-zelaira gerturatzen diren zaleek agur berezia eskainiko diote Kawari. Ordiziak dagoeneko egin zion lehen omenaldi bat bere jokalari ohiari, urtarrilaren 9an, Burgosen aurkako neurketaren aurretik. Alabaina, oraingo honetan, klubak beste ekitaldi bat antolatu du, eta, horrez gain, jokalariaren familiari laguntzeko, diru-bilketa kanpaina abiatu du errugbi munduko taldeen eta zaleen artean.
Ustekabeko eroriko baten ondorioz zendu zen
Leaumak ustekabeko eroriko bat izan zuen Espainiako selekzioak Herbehereetako selekzioaren aurka Amsterdamen jokatu zuen partidaren ostean. Hainbat metrotako altueratik erori zen. Ondorioz, buruko traumatismo larria izan zuen, eta ebakuntza egin zioten arren, ezin izan zituen izandako zauri larriak gainditu.
Kawak 32 urte zituen, jatorriz samoarra baina Aucklanden jaioa (Zeelanda Berria). 2021eko urrian egin zuen debuta Espainiako Selekzioarekin Italia A taldearen aurka, baina Herbehereetako selekzioaren kontrako lehia ofiziala ez zenez, Leaumak ez zuen norgehiagokan parte hartu.
2018ko uztailean Ampo Ordiziak fitxatu zuen eta aurretik Auckland Union, Manukau Rovers, Mt Wellington, Papatoetoe eta Sydney Rays taldeetan jokatu zuen.
¿ Kawa beti gurekin.
— AMPO ORDIZIA (@ORDIZIARUGBY) January 18, 2022
¿ Klubak omenaldi sentikorra eskainiko dio gure jokalaria izan den Kawa Leaumari eta bere familiari urtarrilaren 29an.
¿ Kawaren galerak bikoteari eragin dion egoerari aurre egiteko diru-bilketa kanpaina abiatu du klubak.
¿¿ https://t.co/s0HZMNYVWN