Beste kirolak
Alex Txikon, Manaslun
Elur-jausi batek kalte handiak eragin ditu Manasluko behe kanpamentuan
EITB Media
Alex Txikonek adierazi duenez, elur-jausi batek kalteak eragin ditu Manasluko behe kanpamentuan. Espediziokideak ondo daudela esan du Lemoakoak.
-
Manasluko behe kanpamendtuaren irudia. Argazkia: Alex Txikon
Elur-jausi batek kalte handiak eragin ditu Manasluko behe kanpamentuan, Alex Txikonek astelehen honetan (urtarrilak 10) jakinarazi duenez. Lemoakoaren esanetan, espediziokideak ondo daude, baita bera ere.
"Behe kanpamentuan elur-jausi erraldoi batek kalte handiak sortu dizkigu dendetan. Txikitu, lehertu egin ditu sukalde-denda eta beste dendaren bat. Bertan zeuden hiru kide, jaistea erabaki dute, ez dute minik hartu, eta ez zaie ezer gertatu", adierazi du Txikonek.
"Tentsio une handiak bizi izan dituzte behe kanpamentuan. Simone Morok eta biok kideei aholkatu genien banakako dendak desmuntatzea eta handik jaistea, arrisku handia baitzegoen behe kanpamenduan, eta argi geratu da erabaki onena hartu dugula", gaineratu du Lemoakoak.
Kalteak zenbaiterainokoak diren jakiteko informazio gehiago jaso behar du espedizioak. Ondoren, kalteen balorazio zehatzagoa egin ahalko dute.