Itxi

Beste kirolak

RALLIETAKO MUNDUKO TXAPELKETA

Sebastien Ogier, zortzigarren aldiz munduko txapeldun

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gidari frantziarrari txapel bakarra falta zaio Sebastien Loeb bere herrikideak lortutako 9 tituluak berdintzeko.

  • Sebastieen Ogier.

    Sebastieen Ogier. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

Sebastien Ogier frantziarrak (Toyota) zortzigarrenez lortu du rallyetako munduko txapeldunaren titulua bereganatzea, igande honetan amaitu den txapelketako azken proba (Monzako Rallya) irabazi ostean. Ogierrek zazpi segundogatik garaitu du Elfyn Evans galestarra.

Ogier 2013tik jokatu diren munduko rally txapelketa guztietan nagusitu da 2019an izan ezik (urte horretako txapela Ott Tanak estoniarrarentzat izan zen). Hala, Sebastien Loeb herrikidearen marka berdintzeko txapelketa bakarra falta zaio Ogierri.

Italiako lasterketaren azken etapa aurreko biak bezalakoa izan da, hau da, Toyota taldeko gidariak diren Ogierren eta Evansen arteko lehia estua. Biak txandakatu dira lidergoan jokatu diren hiru saio berezietan; aitzitik, britainiarrak, maniobra arriskutsu batean, tronpo bat egin eta frantziarraren esku utzi du behin betiko lehen postua.