Itxi

Beste kirolak

EHF-ren Europa Liga

Bidasoa Irunek galdu egin du Toulouseren aurka

A. B. E. | EITB Media

Gipuzkoako taldeak 24-26ko emaitzarekin galdu du Fenix Toulouseren kontra jokatu du EHF-ren Europa Ligako hirugarren jardunaldiko partida. Frantziako taldean Erik Balenciaga gipuzkoarra izan da jokalari onena.

3:33
Bidasoa Irun - Toulouse

Bidasoa Irunek galdu egin du Fenix Toulouseren aurka (24-26) astearte honetan Artalekun jokatu duen EHF-ren Europako Ligako hirugarren jardunaldiko partida. Orain arte, talde gipuzkoarrak bi neurketa galdu ditu eta bakarra irabazi du. Erik Balenciaga talde frantziarreko jokalari gipuzkoarrak norgehiagoka bikaina osatu du.

Neurketaren hasiera parekatua izan da (1-1, 2-2 eta 3-3), baina hirunako berdinketaren ostean Frantziako taldeak lau goleko abantaila erdietsi du (4-8). Hala ere, etxeko taldearen erantzuna azkarra izan da, norgehiagoka berdinduta (8-8). Lehen zatiko azken txanpan, hiru goleko errenta eskuratu du Toulousek, Bidasoa Irun puntu bakarrera gerturatu da, markagailuan berdinketa jartzeko aukera izan du, baina ez du asmatu eta partida talde frantziarraren aldeko 11-13ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatiko lehen minutuetan Bidasoak behin baino gehiagotan lortu du desabantaila puntu bakarrera murriztea, baina 45. minututik aurrera Toulouse nagusi izan da, eta hiru puntuko errenta erdietsi du (18-21) partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean. Maldan gora izan du neurketa Irungo taldeak, baina ez du etsi nahiz eta aurkariak lehia kontrolpean izan. Bidasoa Iruneko jokalarien ekinak taldea puntu bakarrera gerturatu du (24-25) partida amaitzeko hamabost segundo falta zirenean, baia azken jokaldian Toulousek gola sartu, eta garaipena eskuratu du (24-26).

Fitxa teknikoa:

24.- Bidasoa Irun: Sierra, Ledo (1), Zabala (5), Dariel García (1), Leo Renaud (1), Azkue (4), Rodrigo Salinas (3, 1 penaltiz), Kauldi (2), Tesoriere, Aginagalde (2), Da Silva, Víctor Rodriguez (1), Ugarte (2), Adrian (2), Furundarena eta Cavero.

26.- Fenix Toulouse: Lettens (1), Chelle (1), Feuchtmann (5, 2 penaltiz), Tobias Wagner (2), Balenciaga (4), Jarry, Gilbert, Kempf (4), Borzas (1), Prechou, Pettersson (3), Ilic (5, 1 penaltiz), Vieira, Sokolic eta Cantegrel.

Epaileak: Santos eta Fonseca (Portugal). Leo Renaud, Da Silva, Cavero eta Pettersson (2) jokalariak egotzi ditu.

Emaitza bost minutuan behin: 2-2; 4-7; 6-8; 8-10; 11-12; 11-13 (atsedenaldia) 13-15; 14-16; 15-18; 18-21; 20-23; 24-26.