Itxi

Beste kirolak

43. ekitaldia

Estatu Batuetako taldeak erabateko nagusitasunez bereganatu du Ryder Cup txapelketa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Amerikarrek jipoi handia eman diete europarrei 19 eta 9ko emaitzarekin, inoizko alderik handiena formatu honetan jokatzen dutenetik.

1:37
AEB, Ryder Cupen

Ameriketako Estatu Batuetako taldeak Ryder Cup txapelketaren 43. edizioa irabazi du igande honetan. Hain zuzen ere, Collin Morikawak Viktor Hovlanden aurka jokatutako norgehiagokan lortutako berdinketak eman dio AEBko taldeari behar zuen azken puntu erdia garaipena eskuratzeko.

Morikawak (amerikar taldean izan diren sei debutarietako bat) gertu izan du laugarren garaipena jokatu dituen lau partidetan, baina bere taldearentzat eskuratu duen puntu erdia nahikoa izan da euren helburua gauzatzeko, hau da, 14,5 puntura heltzea txapelketa irabazteko. Azkenerako, estatubatuarrak 19 eta 9ko emaitzarekin gailendu dira, inoizko alderik handiena formatu honetan jokatzen dutenetik, hau da, Europa osoko jokalariak parte hartzen dutenetik (1979ra arte Erresuma Batuko eta Irlandako jokalariek baino ez zuten parte hartzen).

Ostiralean eta larunbatean 11 eta 5eko emaitzarekin galtzen joan ondoren, europarrek lan nekeza zuten aurretik, eta ezin izan dute markagailua irauli garaikurrari eusteko beharrezkoak zituzten 14 puntuak pilatzeko, Whistling Straitseko (Wisconsin, AEB) golf-zelaiak hartu duen txapelketan.

Steve Strickerrek gidatu duen etxeko taldea faboritoa zen, munduko sailkapeneko lehendabiziko 11 jokalarietatik 9 AEBko taldeko kide izan baitira, eta lehendabiziko egunetik erakutsi dute bere nagusitasuna, besteak beste Morikawa bezalako ustezko "hasiberriekin", dagoeneko bi major irabazitakoa baita.

Ondorioz, estatubaturrek 2016tik irabazi ez duten titulua bereganatu dute. Txapelketa bi urtetik behin jokatzen da, eta aurtengoak 2020koa izan behar zuen, baina koronabirusaren pandemiagatik bertan behera geratu zen.

Rahmek ezin buruz burukoan

Jon Rahmek (asteburu guztian zehar Europako taldearen motor nagusienetakoa izan da, Sergio Garciarekin batera) ezin izan du Scottie Schefflerren aurka jokatu duen azken eguneko buruz burukoa irabazi. Estatubatuarra gehiago izan da, eta hiru zuloren faltan bereganatu du puntua.

Jon Rahm y Scottie Scheffler elkarri eskua emanez euren lehiaren ostean. Argazkia: EFE

Jon Rahm eta Scottie Scheffler elkarri eskua emanez euren lehiaren ostean. Argazkia: EFE