Beste kirolak
Tokio 2020
Higinio Riverok diploma irabazi du, piraguismo proban seigarren eginda
EITB MEDIA
Rivero Fernando Rufino irabazlearengandik 2.981ra sartu da helmugan.
Higinio Rivero Basque Teameko palistak jardunaldi gogorra izan du Tokioko Sea Forest Watergate kanalean, ordu eta erdi eskasean VL2-200 metroko finalerdia eta finala jokatu behar izan baititu.
Bere finalerdian, probako bigarrenean, Higiniok denborarik onena egin du, 55.195; bigarren markarik onena izan da bi finalerdiak kontuan hartuta. Beraz, bizkaitarrak ez du arazo handirik izan eguneko hitzordu nagusira pasatzeko. Finalean aurkari handiak zituzten zain, tartean Mourao portugaldarra eta Fernando Rufino de Paulo brasildarra, lehen jardunaldiko txandetan finalerako zuzenean sailkatu zirenak.
Finalean, agerian geratu da parakanoean azken urteetan izaten ari den bilakaera eta kirol honetan lehiakortasuna areagotzeko ematen ari diren urratsak. Fernando Rufino de Paulo brasildarrak irabazi du urrezko domina (53.077), Steven Haxton estatubatuarrak zilarra (55.093) eta Norberto Mourao portugaldarrak brontzea (55.365). Aurrenekotik aurrerako postu guztiak oso lehiatuak izan dira. Higinio seigarren postuan helmugaratu da, garailearengandik 2.981era.
Higiniok oso pozik bukatu ditu bere lehen Jokoak. Kopenhagen irailaren 16tik 19ra jokatuko den Munduko Txapelketan pentsatzen ari da dagoeneko, eta jakina, baita 2024ko Pariseko Jokoetan ere.
"Oso pozik"
"Oso pozik nago. Agian finalean gehiegi harrotu naiz, baina berriro egingo nuke. Finala ondo hasi dugu. Normalean lehen 50 metroetan aldea ateratzen naute, eta nik uste dut hor egon garela, lehenengo hiru postuetan, lehen 100 metroetan. 100 metroetatk aurrera hasi zait pixka bat maldan gora egiten. Egia da ni azken zatian igo ohi naizela, 100etik aurrera erregulatu dut, baina ez da nahikoa izan azken metroetan dudan ohiko igoera egin ahal izateko, hasieran gehiegi estutu dudalako aurrean egoteko. Irteera berriro egingo nuke eta entrenatu behar dudan gauza bakarra amaiera hobea egin ahal izatea da, beraz, gaur egindakoa ez dut aldatzen", esan du Basque Teameko piraguistak.