Beste kirolak
Tokio 2020
Llopisek ez du sailkapen fasea gainditu estilo libreko 100 metrokoan
EITB MEDIA
Aquatic Centren jokatu diren hiru serieetako bigarrenean egin du igeri, bere txandan laugarren amaituz. Abuztuaren 27an bizkar estiloko 100 metroko proban hartuko du parte.
Basque Teameko beka duen Iñigo Llopis igerilariak ez du lortu Tokioko Joko Paralinpikoetako bere estreinakoan finalean sartzea.
Donostiarrak debuta egin du S8 kategoriako estilo libreko 100 metroko lasterketan. Tokioko Aquatic Centren jokatu diren hiru serieetako bigarrenean egin du igeri, bere txandan laugarren amaituz, 1:01.95eko denborarekin, Dimosthenis Michalentzakis greziarraren (59.49), Haijiao Xu txinatarraren (1:00.05) eta Matthew Torres estatubatuarraren (1:01.35) atzetik. Hiru sailkapen serieen ondoren, zortzi igerilari onenak sartu dira finalean.
Llopis laugarren izan zen proba honetan joan den maiatzean Funchalen jokatutako Europako Txapelketan, eta bere serieko hirugarren denborarik onena egin du lehen 50 metroetan, baina ezin izan dio erritmo horri eutsi bigarren zatian.
2016ko Rioko Jokoetan, gipuzkoarra estilo libreko 100 metrokoan ere lehiatu zen, sailkapen txandan bederatzigarrena izanda.
Llopis bi egun barru itzuliko da lehiara, abuztuaren 27an, bere proba kutunenetako batekin, bizkar estiloko 100 metrokoarekin. Horrez gain, 4x100 estilo librean jokatuko du abuztuaren 30ean, 400 metro estilo librean abuztuaren 31n eta 4x100 estilotan irailaren 3an.