Beste kirolak
Motoziklismoa
Valentino Rossik erretiroa hartuko du denboraldia amaitzean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Italiarrak bederatzi aldiz irabazi du munduko txapelketak, horietariko zazpi kategoria nagusian. Bere hurrengo erronkak auto-gidaria izatea da eta MotoGPko talde berri baten jabea izatea dira.
-
Valentino Rossik agur esango dio bere ibilbide profesionalari. Argazkia: Efe.
Motoziklismoko denboraldiaren amaieran erretiroa hartuko duela iragarri du Valentino Rossi italiarrak ostegun honetan. Horrela, italiarrak 115 garaipenekin eta munduko bederatzi titulurekin emango dio amaiera bere ibilbide profesionalari.
"Denboraldiaren amaieran erretiroa hartzea erabaki dut, hau izango da azkena MotoGPko gidari moduan egingo dudan azken urtea. Momentu oso tristea da, zaila da datorren urtean lehiatuko ez dudala esatea. Datorren urtean bizitza aldatu egingo zait. Dena zoragarria izan da, izugarri disfrutatu du. Ibilbide oso luzea izan da eta benetan dibertigarria", esan du Rossik hedabideen aurrean.
Mundialaren hasieran adierazi bezala, MotoGPko Estiriako Sari Nagusiaren aurretik eta udako geldialdiaren ostean bere etorkizunaren berri ematea erabaki du Rossik. Erabakia argi azaldu du: MotoGP uztea, Munduko bederatzi txapelketa irabazita, horietako zazpi kategoria nagusian.
"Mundiala hasi zenean jarraitu egin nahi nuen, baina emaitzak uste baino txarragoak izan dira", azaldu du pilotu italiarrak.
Aurretik dituen hilabeteetan, errendimendua hobetu eta azken lasterketa bat irabaztea da helburua. Lortu ala ez, tiffosien eta munduko jarraitzaileen babesa du. "Mundua osoan babes handia izan dut, eta ulertzeko zaila da hori, hunkitu egiten nau, eta harro sentitzen naiz", aitortu du.
Auto-gidaria
Denboraldia amaitzen denean, MotoGPko talde baten jabe gisa arituko da, eta auto-gidari ere izan nahi du.
Motoziklismoa arantza bat duela utziko du, munduko txapelketa hamargarrenez ez irabazi izana. "Tristura apur bat sentitzen dut hamargarren titulu hori ez irabazteagatik, hamargarren Mundiala, merezi nuela uste dut, erakutsi dudan mailagatik eta abiaduragatik. Birritan azken lasterketan galdu nuen. Baina ezin naiz kexatu nire ibilbidean lortutakoagatik", azpimarratu du.