Itxi

Beste kirolak

TOKIO 2020

Maialen Chourraut: "Zilarrezko domina honekin amestu dut"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zilarrezko domina lortzeak poz-pozik eta hunkituta utzi du euskal kirolaria. 38 urterekin zilarrezko domina irabaztea "ikaragarria" dela esan du.

  • "Jada 38 urte ditut, ezin da gehiagorik esan", Maialen Chourraut. Argazkia: EFE

    "Jada 38 urte ditut, ezin da gehiagorik esan", Maialen Chourraut. Argazkia: EFE

Maialen Chourraut bigarren sailkatu da K-1eko eslalom modalitatearen finalean, eta, zilarrezko dominarekin, bere hirugarren domina olinpikoa irabazi du 2012an Londresen brontzea eta 2016an Rion urrea lortu ostean. Lorpenak poz-pozik eta hunkituta utzi du gipuzkoarra; izan ere, dominarekin amets egin duela esan du.

"Azkenean, lortu dut. 38 urte ditut jada, ezin da gehiagorik esan", azaldu du gipuzkoarrak hunkituta. Horrekin batera, Chourrautek zilarrezko domina eta hiru domina olinpiko lortzen duen lehenengoa izatearekin amestu duela gaineratu du.

Hala ere, laugarren sailkatu izan balitz ere, "oso pozik" izango litzatekeela esan du euskal piraguistak. "Dominarik irabazi ez banu ere, pozik bueltatuko nintzateke. Baina hoberantz joan da dena, eta, azkenean, zilarrezko domina lortu dut, maila altuan ibili diren Jessicaren (Fox) eta Ricardaren (Funk) artean sailkatuta".

"Tokiora helburu eta amets batekin etorri nintzen. Helburua Maialen azkar bat ikustea zen, indartsua. Hori zen ikusi nahi nuena", azaldu du Maialen Chourrautek. Horrekin batera, azken urteetan egindako esfortzua ikaragarria izan dela gaineratu du: "Bost urte izan dira, olinpiar ziklo gogorra. Asko kostatu zait goiko postuetan sailkatzea, asko borrokatu behar izan dut".

Bere obsesioa Jessicaren eta Ricardaren denboretan izatea zela onartu du Chorrautek. Hala ere, Xabi Etxanizek, bere entrenatzaile eta senarrak, argi esaten zion horretarako bere kartak jokatu behar zituela. "Xabiren estrategia bete da. Biak miresten ditut, eta, beraz, ikuskizunak jarrai dezala, ikuskizuna baita biak arraun egiten ikustea", esan du.