Beste kirolak
Olinpiar Jokoak
Maialen Chourraut, finalera
EITB Media
2016ko Rioko Olinpiar Jokoetako urrezko dominaren irabazleak Tokioko 2020ko finalerako txartela lortu du eslalomeko piraguismoko K-1 proban.
-
Maialen Chourraut. Argazkia: EFE.
Joan den igandean emakumezkoen eslalomeko piraguismoko K-1 proban finalerdietarako sailkatu ondoren, Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983) Tokioko Olinpiar Jokoetako finalerako txartela lortu du gaur; 09:15etik aurrera arituko da, Kasai Canoe Slalom Centren.
109,92 segundoko denborarekin zazpigarren postuan sailkatu da gipuzkoarra finalerako; Jessica Fox australiarra izan da onena jaitsiera horretan, 105,85 segundoko denborarekin. Chourrauten aurretik, beste hauek sailkatu dira: Eliska Mintalova eslovakiarra, Ricarda Funk alemaniarra, Stefanie Horn italiarra, Luuka Jones australiarra eta Kimberley Wood ingelesa.
Bitartean, iragarpen guztien aurka, Eva Tercelj munduko txapelduna kanporatua izan da, ate batean huts egin eta 50 segundoko zigorra jaso ostean (162,48 segundo).
Chourrautek Olinpiar Jokoetan parte hartzen duen laugarren aldia da, eta bere hirugarren domina olinpikoa irabazten saiatuko da gaur, Londresko 2012ko eta Rioko 2016ko jokoetan irabazitakoen ostean. Brontzezkoa eta urrezkoa irabazi zituen horietan, hurrenez hurren.