Itxi

Beste kirolak

Koronabirusa

Jon Rahmek positibo eman du, eta ez da Olinpiar Jokoetan izango

A. A. | EITB MEDIA

Bata bestearen atzetik egindako hiru PCR test gainditu behar zituen Tokion egon ahal izateko, eta hirugarrenean atzeman diote kutsatuta dagoela.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm. Argazkia: EFE

Jon Rahm golf jokalari bizkaitarrak positibo eman du covid-19an eta ezin izango du Tokio 2020an parte hartu, Espainiako Batzorde Olinpikoak (COE) igande honetan iragarri duenez. Barrikako jokalaria munduko sailkapeneko lehena da, eta Olinpiar Jokoetan golfeko txapelketa irabazteko faborito nagusietako bat zen.

Hala, Batzorde Olinpikoak azaldu du Rahmek bata bestearen atzetik egindako hiru PCR proba gainditu behar zituela, Erresuma Batuan egon berri diren guztiek bezala; izan ere, bertan egon zen joan zen astean The Open txapelketa lehiatzen. Egin zaion hirugarren proba horretan agertu da emaitza positiboa, lehendabiziko biak negatiboak izan baitziren.

Bigarren aldia da Barrikako jokalariak covidarekin kutsatzen dena. Ekainaren hasieran, The Memorial torneoa utzi behar izan zuen hirugarren jardunaldiaren ostean, sei kolpeko aldearekin lider zihoala, nahiz eta, esan zuenez, txertoa jaso zuen.

Igande honetan bertan Bryson DeChambeau estatubatuarraren baja ere ezagutu da, arrazoi beragatik. Munduko seigarrenak positibo eman du Japoniara joan aurreko azken testean, eta Patrick Reedek ordezkatuko du AEBko talde olinpikoan.

Rahm eta DeChambeau Tokion urre olinpikoa irabazteko faboritoetako bi ziren, Justin Thomas eta Collin Morikawa estatubatuarrekin batera.