Itxi

Beste kirolak

Guerreras Iberdrola txapelketa

Bera Bera, Ligako txapeldun

EITB MEDIA

Donostiarrek ez dute arazorik izan Elx gainditu eta Ligako zazpigarren garaikurra eskuratzeko (30-20), txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan.

  • Bera Bera, 2020-2021 denboraldiko Ligako Txapeldun

    Bera Bera, 2020-2021 denboraldiko Ligako Txapeldun. Argazkia: EITB MEDIA

Super Amara Bera Bera taldeak Guerreras Iberdrola Liga txapelketa bereganatu du larunbat honetan, Elx Eskubaloi Taldearen aurka garaipen argia lortu ondoren Gasca kiroldegian. Donostiarrek nahikoa zuten neurketa berdintzearekin, baina erabateko erraztasunez gailendu zaizkie Elxekoei. Hala, bederatzi goleko aldearekin joan dira aldageletara (17-8), nahiz eta hasierako minutuetan egon den parekotasunak ez zuen halakorik gertatuko zenik aurreikusten.

Aitzitik, pixkanaka-pixkanaka, Bera Bera agintzen hasi da neurketan, Adriana Cardoso (8 gol) eta Mariane Fernandes brasildarren gidaritzapean, eta Elxekoak erabat gaindituta ikusi dute euren burua aldageletara joateko garai iritsi denerako. Ordurako markagailuak bederatzi goleko errenta islatzen baitzuen gipuzkoarren alde.

Bigarren zatian, lehen ordu erdian lortutako alde hori ezin hobeto kudeatu dute, eta, azkenerako hamar goleko tartearekin lortu dute garaipena (30-20).

Horrenbestez, Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak zazpigarren Ligako garaikurra erdietsi du bederatzi urteren buruan, txapelketa amaitzeko bi norgehiagokaren faltan. Atletico Guardesek (2017) eta Rocasa Kanaria Handiak (2019) besterik ezin izan dute eragotzi Bera Bera azken hamarkadako garaile bakarra izatea.

Hemendik aurrera, Liga porrotik gabe bukatzea izango da hurrengo helburua, orain arteko lehia guztiak irabazi baitituzte, berdindu dituzten bi izan ezik.

Horrez gain, Erreginaren Koparen erronka ere ate joka dute donostiarrek. Txapelketa maiatzaren 21etik 23ra jokatuko da Kanaria Handian, eta donostiarrek joan zen urteko kopa altxatu zuen Rincon Fertilidad Malaga izango dute aurrez aurre final laurdenetan.