Beste kirolak
‘Transantartika 2011’
‘Transantartika 2011’ espedizioa haizearen zain
ERREDAKZIOA
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza gogotsu eta motibazioz beteta daude, nahiz eta haizearen laguntza falta zaien.
-
Izotz bloke bat mozten. Argazkia: BAT Basque Team.
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza haizearen zain daude, Hego Polorako norabidean daramaten zeharkaldian. Beste egun batez haizearen esperoan egon dira, kontinente izoztutik kometak erabiltzeko prest zituzten arren. Zeru garbia, baina haizerik ez.
Mikelek dioen moduan, “beti dago zeozer konpontzeko, leren bat, urratutako eskularruren bat. Gainontzeko denbora sukaldean, irakurtzen, musika entzuten edota aspertuta igarotzen dugu lau metro karratuko dendatxoan”.
Espedizioak izotza karratuetan mozten dute haizea agertu ezkero babesa emateko. Iragarpen meteorologikoak haizea datorrela dio, “wind is coming!”. 20 eta 30 kilometro orduko haize boladak espero dituzte hurrengo egunetarako.
“Atzo bertan ikusi genituen zenbait sastrugi (errusiar jatorrizko hitza, elur edota izotzean haizeak sortutako zuloak), baina ez ziren oso handiak eta erraz gainditu genituen”. Azken jardunaldian 71 kilometro egin zituzten, guztira, 530 gutxiago Hego Polora ailegatzeko. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza gogotsu eta motibazioz beteta daude, nahiz eta leku mitikora iristeko haizearen laguntza falta zaien. Roald Amudsen 1911ko abenduaren 14ean heldu zen bertara.