Beste kirolak
Koronabirusa
Juanito Oiarzabal etxean da, hamar egunez ospitalean egon ostean
A. A. | EITB MEDIA
Koronabirusak eragindako "pneumonia larria" gainditu du Txagorritxuko ospitalean.
-
Juanito Oiarzabal. Argazkia: EFE
Juanito Oiarzabal mendizalea asteazken honetan atera da Gasteizko Txagorritxu ospitaletik, koronabirusak eragindako pneumonia baten ondorioz hamar egunez ospitalean eman ostean.
Gasteiztarrak ETBko En Jake saioan baieztatu duenez, dagoeneko sendatuta dago eta bere etxean dago, "pneumonia larria" gainditu eta gero; izan ere, bere historia klinikoa dela-eta (besteak beste, biriketako bi enbolia izan zituen 2016an), asko okertu zitzaion osasun egoera.
Mendizaleak positibo eman zuen covid-19an duela hiru aste, ebakuntza bat egin aurretikoprobetan, eta bost egun "oso gaizki" egon ostean, ospitalera joan behar izan zuen, eta bertan arnasgailua jarri behar izan zioten. Oiarzabalek En Jake-ko elkarrizketan zehar txantxetan esan duenez, zortzimilakoak igotzerako garaian erabili ez zuen oxigeno guztia erabili behar izan du Txagorritxun. Dena den, orain "oso ondo" dagoela nabarmendu du.
Era berean, ospitaleko langileek egindako lana eta haiengandik jasotako tratua azpimarratu nahi izan ditu.
BIDEOA: En Jake saioan egin dioten elkarrizketa
Mendizale arabarrak 65 urte beteko ditu datorren martxoan, eta 2016an 2x14x8000 proiektua eten behar izan zuen, hau da, planetako 14 mendirik altuenen tontorretara bigarrenez igotzea, Dhaulagiritik bueltan (8.167 metro, Nepal). Hain zuzen ere, ospitaleratu egin behar izan zuten biriketako bi tronbo paraitu ostean.
Duela hilabete pasatxo, gasteiztarrak agur esan zien "zortzimilakoei", eta hurrengo hilabeteetan dokumental bat grabatuko duela iragarri zuen, Mikel semearekin eta Sebastian Alvaro Al filo de lo imposible saioko zuzendariarekin batera.