Itxi

Beste kirolak

GOLFA

Garaipen handia lortu du Jon Rahmek BMW Championship txapelketan

eitb.eus

Barrikako golf-jokalariak berdinketa hausteko play-offa jokatu behar izan du Dustin Johnsonen aurka, eta kolpe ikusgarri batekin irabazi du.

0:18
Jon Rahm

Jon Rahmek garaipen handia lortu du igande honetan Illinoisen (AEB) jokatutako BMW Championship txapelketan. Barrikako golf-jokalariak ikaragarrizko azken jardunaldia jokatu du Olympia Fields Country Clubeko zelai zailean, parraren azpitik 6 kolpe eginda (64 guztira).

Bere ibilbidea bukatu duenean bazirudien txapelketa bere eskuetan zuela Rahmek, baina munduko sailkapenean gaur egun lehen postuan dagoen Dustin Johnson estatubatuarra zelaian ari zen jokoan, bere partida amaitzen, eta 14 metroko birdie ikusgarri bat gauzatu du 18. zuloan, eta, horrela, bizkaitarrarekin berdintzea lortu du sailkapen orokorrean, parraren azpitik lau kolperekin.

Ondorioz, bi jokalariek berdinketa hausteko play-offa jokatu behar izan dute 18. zuloan. Biek sartu dute pilota green barruan bigarren kolpearekin, baina Rahmena banderatik askoz urrutiago geratu da. Aitzitik, barrikarrak oso gutxitan ikusten diren putt horietako bat sartu du 20 metroko distantziatik, garaipena eman diona; izan ere, Johnsonek ez du asmatu berdinketa behartu duen kolpearen parekorik errepikatzerik.

Horrenbestez, Rahmek PGA Tourrean eskuratu duen bosgarren garaipena erdietsi du, aurtengo bigarrena uztailean irabazi zuen Memorial txapelketaren ostean, eta datorren astean jokatuko den FedEx Cup txapelketako azken kanporaketara bigarren postuan kokatuta iritsiko da, Dustin Johnsonen atzetik.