Beste kirolak
Golfa
Jon Rahmek munduko lehena izateari utzi dio Justin Thomasen mesedetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatubatuarrak FedEx St. Jude tornea irabazi ostean berreskuratu du munduko lehen postua; izan ere, Rahmek ez zuen lortu txapelketa hori lehen 14 jokalarien artean bukatzea (52).
-
Jon Rahm asteburu honetan jokatu den FedEx St. Jude txapelketan (Memphis, AEB). Argazkia: EFE
Justin Thomas estatubatuarrak irabazi du asteburu honetan jokatu den FedEx St. Jude golf-txapelketa (Memphis, AEB), PGA zirkuituari dagokiona, eta, bide batez, Jon Rahm bizkaitarrari munduko sailkapeneko lehen postua kendu dio, aipatu txapelketa horretan lortutako emaitza txarraren ondorioz.
Thomasek 267 kolpe behar izan zituen denetara lau egunetako ibilbidea osatzeko, 13 parretik behera, azken jardunaldian 65 kolperekin amaitu ostean (-5). Hala, hiru kolpeko aldea atera zien Daniel Berger, Phil Mickelson eta Brooks Koepka herrikideei, baita Tom Lewis ingelesari ere.
Rahmek, ordea, 52. postuan bukatu zuen 281 kolperekin (+1), irabazlearengandik 14 kolpera, hau da, urruti geratu zen munduko sailkapeneko tronuari eustea ahalbidetuko zion 14. Postua. Hartara, orain bigarren postuan dago munduko sailkapen horretan.
Hala ere, bizkaitarrak txapelketako azken jardunaldian lortu zuen bere emaitzarik onena, 66 kolperekin. Oraingoan, Rahmek kemena eta zehaztasuna izan zituen greenetik jokatutako kolpeetan, bereziki ibilbidearen bigarren zatian, hiru birdie lortu baitzituen bertan, ibilbidea amaitzean erdietsi zituen seietatik.
Baina lehen zatian ez zen hain sendo egon, eta hiru birdie erdietsi arren, bi bogey ere egin zituen 2. eta 5. zuloetan.
Asteburu honetan denboraldiko lehen txapelketa handia, PGA Txapelketa, jokatuko da San Frantziskon (AEB), eta Rahmek bere lehen handia eskuratzeko eta lehen postua berreskuratzeko parada izan dezake.
Munduko golf sailkapeneko 10 lehenak:
1- Justin Thomas (AEB)
2- Jon Rahm (EUS)
3- Rory McIlroy (IIR)
4- Webb Simpson (AEB)
5- Dustin Johnson (AEB)
6- Brooks Koepka (AEB)
7- Bryson DeChambeau (AEB)
8- Patrick Reed (AEB)
9- Adam Scott (AUS)
10- Patrick Cantlay (AEB)
Bestalde, Carlota Ciganda nafarrak hamaseigarren postua lortu zuen LPGA Drive txapelketan (Ohio, AEB) 218 kolpe egin ostean (+4). Hartara, Danielle Kang garailearengandik hamaika kolpetara geratu zen (209, -7).