Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Super Amara Bera Bera, Ligako txapeldun

Agentziak | Erredakzioa

Klub donostiarra Guerreras Iberdrola Ligako txapeldun izendatu dute; izan ere, txapelketa koronabirusagatik eten zutenean, sailkapeneko lider zegoen. Seigarren aldiz irabazi du Liga.

  • Bera Berak seigarren aldiz irabazi du Liga

    Bera Berak seigarren aldiz irabazi du Liga. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Super Amara Bera Berak Guerreras Iberdrola Liga irabazi du; izan ere, Espainiako Eskubaloi Federazioak Zuzendaritzaren Batzorde Delegatuak bere Zuzendaritza Batzaren proposamena onartzea erabaki du, eta koronabirusaren pandemiak etendako txapelketak bertan behera utzi ditu.

Klub donostiarra, jokatutako azken partidaren ostean, sailkapeneko liderra da; hortaz, titulua berretsi du, eta bere historiako seigarren Liga lortu du. Horrez gain, EHF European Leaguerako txartela bermatu du.

Garaipena erdietsita, eta berriro txapeldun izendatuta, Super Amara Bera Berak titulua ospatu du: "Gustatuko zitzaigun titulua pistan eman izana, baina ibilbide bikaina izan dugu, partidarik galdu gabe, eta uste dut ondo merezita dugula. Konferentzia bidez ospatuko dugu, eta bilduko gara ahalik eta ondoen gozatzeko", adierazi du Tati Garmendia klubeko arduradunak, Bera Beraren ohar batean.

Imanol Alvarez taldeko entrenatzaileak, bere aldetik, nabarmendu du azken hau "lan eta erregulartasun handiko denboraldia" izan dela: "Zuzenak izan nahi badugu, norbaitek merezi badu titulu hau irabaztea, geu gara, nahiz eta ohiko moduan ez izan", adierazi du.

Bidasoa-Irun, EHF European Leaguera

ASOBAL Ligan, Espainiako Eskubaloi Federazioak esan dio Bidasoa-Iruni EHF European Leagueko plaza duela; izan ere, lehen itzulia amaituta, hirugarren postuan zegoen.

Irungo kluba pozik azaldu da erabakiarekin: "Jokalariek eta teknikariek egindako lan handiaren emaitza da".