Itxi

Beste kirolak

Koronabirusa

Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa bertan behera geratu da

Erredakzioa

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, lasterketaren 19. edizioa ez da aurten egingo. Antolatzaileek iragarri dutenez, 2021era itxaron beharko du proba prestigiotsu honek.

  • Zegama-Aizkorri. Argazkia: EiTB

    2019ko Zegama-Aizkorri lasterketako irudia. Argazkia: EiTB

2020ko Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa bertan behera geratu da. 2002tik egiten da proba prestigiotsu hau Euskadin, eta aurten ezingo dugu lasterketaz gozatu koronabirusaren pandemiaren eraginez. Golden Trail World Serieseko lehen proba, beraz, ez da aurten egingo.

"Zegama-Aizkorri lasterketaren 19. edizioa maiatzaren 24rako zegoen aurreikusita, baina Eusko Jaurlaritzaren Espainiako Gobernuaren eta osasun elkarteen aholkuak jarraituta, bertan behera uztea erabaki dugu", jakinarazi dute antolatzaileek ohar ofizial baten bidez.

2020ko probaren baitan zeuden maratoia, kilometro bertikala eta junior traila bertan behera uzteko erabakia hartu da, Covid-19ak eragin duen mundu mailako krisia kontutan hartuta.

Izen-ematearen ordainketa egin duten partaide guztiei dirua itzuliko zaie. Gainera, dortsalak gorde eta aurtengo markak mantenduko dira 2021eko Zegama-Aizkorri mendi-lasterketarako. Kilian Jornet izan zen iazko txapelduna gizonezkoen mailan, eta Eli Anne Dvergsdal emakumezkoen mailan.

"Gogor, gogotsu eta ilusioarekin ari ginen lanean aurtengo edizioa trail runningaren festa izan zedin beste behin, baina ezinezkoa da aurten egin ahal izatea. Ezin dugu bermatu kirolarien, boluntarioen, eta publikoaren segurtasuna. Ezin dugu bermatu dortsala duten parte hartzaile guztiak gure herrira arte etorri ahalko direla, eta ez genuke arduraz jokatuko lasterketa bertan behera geratzearen erabakia hartu ezean", azaldu dute antolatzaileek.

Datorren apirilaren 3an, 19:00etan, Zegama-Aizkorriren Youtubeko kanalean prentsaurrekoa eskainiko da hartutako erabakia hobeto azaltzeko, eta zalantzak argitzeko. "Zegama Zegama da, eta 2021ean itzuliko da", esaldiarekin amaitu dute komunikatua.