Beste kirolak
Golfa
Rahm, 2019ko Europako Zirkuituko jokalari onena
Erredakzioa
Jon Rahm bizkaitarrak 2019ko European Tourreko jokalari onenaren saria jaso du; sari hori lortu duen lehen euskal golf jokalaria da.
-
Jon Rahm, Race to Dubai irabazi ostean. Argazkia: EFE
Jon Rahmek 2019ko Europako Zirkuituko jokalari onenaren saria jaso du. Horrenbestez, sari hau jaso duen lehen euskal golf jokalaria da.
Barrikakoa (Bizkaia) munduko sailkapeneko hirugarren postuan dago, eta Europako Zirkuituko Irlandako Irekia, Espainiako Irekia (bigarrenez jarraian) eta World Tour txapelketa irabazi ditu profesional mailan jokatu duen hirugarren urtean. Bestalde, PGA Tourreko Zurich Classic txapelketa ere irabazi zuen, Ryan Palmerrekin batera. Europako Zirkuituan lortutako tituluek European Tourreko Race to Dubaiko titulua lortzera eraman dute.
Denboraldiko Europako Zirkuituko jokalari onena nor den erabakitzen duen Race to Dubai irabazi eta hamar egunetara, 2019ko golf jokalari onenaren saria jaso du European Tourraren eskutik.
"Ohore bat da niretzat Hilton European Tourreko jokalari onenaren saria jasotzea. Dubaiko Irekian garaipena lortzea, DP World Tour txapelketa bigarrenez irabaztea eta Espainiako Irekiko titulua defendatzea momentu bikainak izan dira, baina Race to Dubai irabaztea harrigarria da, eta oso harro nago titulu hau lortu dudalako nire etapa profesionala hasi berri dudanean", adierazi du Jon Rahmek Londresko Biltmore Mayfair Hotelean eman dioten saria jaso ostean.
Keith Pelley Europako Zirkuituko zuzendari exekutiboak esan duenez, "Rahm oso lehiakorra da, eta sari hau Jonek urtean zehar egin duen joko bikainaren ondorioa da. Jon Rahmek etorkizun bikaina du aurretik, eta, zalantzarik gabe, merezita lortu du 2019ko Hilton European Tourreko jokalari onenaren saria".