Beste kirolak
Igande honetan
Hemen da mendeurrenaren Behobia, 33.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin
Agentziak | Erredakzioa
Haile Gbrselassie, bi aldiz txapeldun olinpikoa izandakoa, bertan izango da eta horrek ikusmina areagotu du. Eguraldi kaskarra eman dute iganderako, tenperaturak nekez iritsiko dira 10 graduetara.
-
Milaka korrikalari bilduko ditu, berriro ere, Behobia-Donostia lasterketak. Argazkia: Efe.
Behobia-Donostia lasterketak 33.379 korrikalari bilduko ditu aurten, inoizko marka onenetik oso gertu. Emakumeak inoiz baino begiago izango dira aurtengo edizioan: % 25.
Lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en eta eitb.eus-en.
Antolatzaileek aste honetan bertan konfirmartu dituzte izen garrantzitsu batzuk: Iraitz Arrospide 50 kilometroetako munduko txapelduna eta Haile Gbrselassie, txapeldun olinpikoa birritan izandakoa, bertan izango dira.
Arrospidek orain dela bi hilabete irabazi zuen munduko txapelketa eta sasoia da. Hala ere, ezin izango ditu indarrak Jaime Leiva iazko irabazlearekin neurtu, Leivak ez duelako aurten parte hartuko. Ivan Fernandez izango da euskaldunaren aurkari nagusia. Carles Castillejo ere kontuan izateko kirolaria da, lasterketa hiru aldiz irabazi baitu.
Emakumezkoetan, Aroa Merino da faborito nagusia, kanariarra bikain ibiltzen da Gipuzkoan egiten diren lasterketetan eta Behobiako irabazlea izan da azken hiru urteetan. Aurten 8.604 emakumek eman dute izena Behobian. Antolatzaileen helburua 2025ean parte-hartzaileen erdia emakumezkoa izatea da.
Neguko giroa egongo da
Igandean eguraldiak okerrera egingo du, aurreko egunetakoarekin alderatuta. Noiznahi eta nonahi zaparradak botako ditu eta tarteka barra-barra botako du; ekaitzak jo eta txingorra ere egin lezake.