Beste kirolak
Aizkolaritza
Iker Vicente, Euskal Herriko txapeldun
Erredakzioa
Otsagabiako aizkolaria nagusitu da finalean eta txapela jantzi du lehen aldiz txapelketa honetan. Aitzol Atutxaren lekukoa hartu du.
Iker Vicente aizkolaria da Euskal Herriko txapeldun berria, igande honetan finalean nagusitu ondoren. Otsagabiakoak lehen aldiz lortu du txapelketa hau irabaztea. Azken bost urteetan txapelduna izan den Aitzol Atutxaren lekukoa hartu du Vicentek.
Mikel Larrañagarekin lehia estua izan du Iker Vicentek zortzigarren enborrera arte, baina une horretan Vicentek erritmoa mantendu, eta Larrañagak behera egin du. Azkenean, Iker Vicente nagusitu da 37 minutu eta 37 segundoko markararekin. Larrañaga izan da bigarren, izan ere, 4 minutu eta 18 segundo gehiago behar izan ditu (41'55").
Hirugarren posturako lehia zirraragarria izan da. Oso borroka estua izan da hiru aizkolarien artean, eta Txikia IV.ak eskuratu du hirugarren postua (44'54"). Eneko Otaño izan da laugarren (44'55"), eta Iñaki Azurmendik (44'58") bosgarren amaitu du. Txikia VI.ak segundo bakarra atera dio Otañori, eta lau segundo Azurmendiri.
22 urterekin, Euskal Herriko txapela lehen aldiz jantzi du Iker Vicentek. Aitzol Atutxa ez da finalean egon ez zelako sailkatu, eta azken urteetan aurkari nagusia izan duen aizkolaria aurrean izan gabe, garaipena lortu du.