Beste kirolak
Miyazakieko Munduko Txapelketa
Aritz Aranburu hirugarren kanporaketan da jada
eitb.eus
Ostiralean jokatuko da eta aurrean Jay Quinn, Jair Pérez eta Carlos Muñoz izango ditu.
Berriro ere itsasoan baldintza eskasak izan dira Miyazakiko Munduko txapelketako bigarren kanporaketan, gizonezkoen lehian.
Itsasoa olatu oso txikiak eskaintzen ari da. Surflariak ahalik eta olatu onenak hartzen saiatzen dira iristen zaien eskaintza murritzari etekina ateratzeko, baina ez da batere erraza. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela jokoan dute, eta baldintza egokienak ez eduki arren, maila oso altua izaten ari da. Horren erakusle Michel Bourez frantziarra, Munduko zirkuitu gorenean (WCT) hamaikagarren dagoen surflaria, Aritz Aranbururen txandan kanporatu dutela.
Basque Teameko surflaria jaun eta jabe izan da hasieratik bukaerara; bere lehiakideek ez dute aukerarik izan lidertzatik kentzeko. Bigarren kanporaketako txandan Aranburuk Swen Zaugg suitzarrarekin, Perry Siganos greziarrarekin eta 2016an Pipe Master mitikoa irabazi zuen Bourezekin neurtu ditu indarrak.
Olatu kopuru murritzagatik, tenperaturagatik eta hezetasunagatik surflariek arazoak dituzten arren, zarauztarrak bere esperientzia atera du eta ez du arreta galdu. Hori izan da txanda irabazteko gakoetako bat. Aritzek txandako emaitza onenak bereganatu ditu, alde handiarekin. 4.53ko olatu batek eta 5.33ko beste batek txandako garaipena eman diote. Swen Zaugg suitzarra ere (7.47) hirugarren errondara pasa da; hirugarren izan den Michel Bourezek (6.37) eta laugarren izan den Perry Siganosek (7.1), berriz, ez dute lortu.
Ostiralean Aritz Aranburuk Jay Quinn britainarra eta Jair Perez eta Carlos Muñoz costarricarrak izango ditu aurkari hirugarren kanporaketan.