Beste kirolak
TXAPELDUNEN LIGA
Bidasoak aurkari zailenak ekidin ditu eta C multzoa egokitu zaio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sävehof, Tatran Presov, Cocks, Eurofarm Rabotnik eta Sporting Lisboa izango dira bere aurkariak ligaxkan.
-
C eta D multzoetan egongo diren taldeak.
Bidasoa-Irun eskubaloi taldeari Txapeldunen Ligako C multzoa egokitu zaio ostegun honetan Vienan egin den zozketan.
Sävehof (Suedia), Tatran Presov (Eslovakia), Cocks (Finlandia), Eurofarm Rabotnik (Mazedonia) eta Sporting Lisboa (Portugal) dira aurrez aurre izango dituen taldeak.
Jacobo Cuetara entrenatzailea "pozik" agertu da zozketako emaitzarekin. Teknikari asturiarrak nabarmendu duenez, "Wisla Plock, Dinamo Bukarest edota Kadetten talde zailak" saihetsi ditu Bidasoak, besteak beste.
Aitzitik, Sporting Lisboa euren multzoan dagoela gogorarazi du, "lehen postua eskuratzeko faboritoa izan daitekeena", Cuetaren aburuz.
Horren indartsuak ez diren taldeak hartzen dituen taldetxoan egonik, Bidasoak bere multzoko lehen bi sailkatuen artean geratu beharko luke txapelketan aurrera egiteko. Hala balitz, D multzoko bi onenen arteko talde batekin kanporaketa jokatuko luke final-zortzirenetara sailkatzeko.
"Oso zaila da guretzat, baina ikusiko dugu zer maila eman dezakegun. Jardunaldi batzuk igaro ondoren jakingo dugu non egon gaitezkeen ligaxka horretan", gaineratu du.