Itxi

Beste kirolak

Ofiziala

Bidasoa Irunek Txapeldunen Liga jokatuko du

Erredakzioa

EHFeko Batzorde Exekutiboak ofizial egin du 2019-2020 denboraldiko Txapeldunen Ligan parte hartuko duten taldeen zerrenda, eta bertan da talde gipuzkoarra.

  • Bidasoa Irun. Argazkia: EiTB

    Bidasoa Irun. Argazkia: EiTB

Bidasoa Irunek 2019-2020 denboraldiko Txapeldunen Liga jokatuko du, ostiral honetan EHFeko Batzorde Exekutiboak ofizial egin duenez. Ondorioz, talde gipuzkoarra onartua izan da Europako eskubaloiaren txapelketa nagusia jokatzeko.

Iazko sistema berdina izango du txapelketak, 28 parte-hartzailerekin, eta ez da atariko kanporaketarik egongo. 2020-2021 denboraldian aldatuko da Txapeldunen Ligaren egungo sistema.

1995ean irabazi zuen Txapeldunen Liga Bidasoak, eta bueltan da 24 urteren ostean. Talde gipuzkoarra C edo D multzoetan egongo da, talde hauekin batera: IFK Kristianstad, Sporting CP, GOG, Orlen Wisla Plock, HC Eurofarm Rabotnik, Gallos, Dinamo Bucuresti, Chekhovskie Medvedi, IK Sävehof, Kadetten Schaffhausen eta Tatran Presov.

Multzoen zozketa ekainaren 27an egingo da, ostegunean, Vienako Campus Ersten.