Beste kirolak
Txapeldunak
Bera Bera, Erreginaren Kopako txapeldun
eitb.eus
Super Amara Bera Berak eskuratu du titulua, BM Aula Alimentos de Valladolid taldea finalean 17-30eko emaitzarekin garaituta.
Super Amara Bera Bera da 2019ko Erreginaren Kopako txapelduna, finalean BM Aula Alimentos de Valladolidi aise menderatuta (17-30). Seigarren aldiz lortu du Bera Berak Kopa irabaztea.
Valladolidek sartu du partidako lehen gola (1-0), baina azkar erantzun dio Bera Berak, neurketa berdinduta (1-1). Ondoren, nagusi izan da erabat Super Amara Bera Bera, eta zortzi goleko abantaila eskuratu du (1-9). Valladolid ezinean ibili da, ez du jakin nola zulatu talde gipuzkoarraren defentsa, eta zazpi metroko jaurtiketa baten bitartez lortu du bigarren gola sartzea (2-9).
Desabantaila sei golera murriztea lortu du Valladolidek (4-10), baina Super Amara Bera Berak lan ona egiten jarraitu du, eta ez dio utzi aurkariari gehiago hurbiltzen. Gainera, abantaila handitu du lehen zatiko azken txanpan, eta hamar goleko aldearekin heldu da atsedenaldira (8-18).
Bigarren zatiari, lau gol jarraian sartuta ekin dio Super Amara Bera Berak, eta hamalau goleko errenta lortu du (8-22). Ondoren, Valladolidek beste lau gol segidan sartu ditu (12-22).
Bera Berak berriro defentsa sendotu du, aurkariari ezustekorako aukerarik ez emateko, eta nagusi izaten jarraitu du. Valladolidek ez du estutasunetan jarri euskal taldea, eta Super Amara Bera Berak garaipena erdietsi du (17-30).
Fitxa teknikoa:
17 - BM Aula Alimentos de Valladolid (8+9): Guerra (a), Cozzi (1), Cifuentes (7), Bolling (-), Teresa Alvarez (1), Cuadrado (2) eta Viloria (1) —hasierako taldea—; Sanz (oa), Cesareo (3, 1p), Maria Gonzalez (-), Monica Gutierrez (-), Nieto (1), Bartolome (1) eta Cossío (-).
Entrenatzailea: Miguel Angel Peñas.
30 - Super Amara Bera Bera (18+12): Renata Lais (a), Cardoso (5, 2p), Etxeberria (3), Sans (1), Arderius (4), Teres (2), Karsten (4) eta Gil (3) —hasierako taldea—; Castellanos (oa/2), Arrojeria (2), Ezkurdia (-), Berasategi (1), Aramendia (-), Azurmendi (-), Menendez (2) eta Camejo (1).
Entrenatzailea: Imanol Alvarez.
Partzialak bost minutuero: 1-3, 1-8, 3-10, 5-14, 7-16, 8-18 (atsedenaldia); 9-22, 11-22, 12-24, 13-27, 14-29 eta 17-30 (amaiera).
Epaileak: Yon Bustamante Lopez eta Javier Alvarez Mata. Valladolideko jokalari bat egotzi dute (Cifuentes), eta Bera Berako bi (Etxeberria eta Azurmendi).