Beste kirolak
GOLFA
Rahm postu bat jaitsi da munduko sailkapenean; Cigandak eutsi egin dio bereari
EITB.EUS
Barrikarra bederatzigarrena da une honetan; ultzamarrak, aldiz, hamargarren tokian jarraitzen du.
-
Jon Rahm. Artxiboko argazkia.
Jon Rahmek postu bat egin du behera munduko sailkapenean, Austinen (Texas, AEB) Match Play eran jokatutako munduko txapelketan taldekako fasea gainditu ezinda geratu eta gero. Bizkaitarrak 8. multzoan jardun zuen, eta garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat pilatu zituen.
Rahm Si Woo Kim hego-korearrari gailendu zitzaion (7-5) asteazkenean; ostegunean, galdu egin zuen J.B. Holmes estatubatuarraren aurka (2-1), eta, ostiralean, berdindu egin zuen Matt Kuchar estatubatuarrarekin. Hain zuzen ere, Kuchar izan zen Rahmen multzotik aurrera egin zuen golf-jokalaria. Finalera ere heldu zen, baina amore eman behar izan zuen Kevin Kisner herrikidearen kontra.
Carlota Ciganda nafarra, bere aldetik, KIA Classic (Kalifornia, AEB) txapelketan aritu zen. Cigandak ezin izan zuen aurreko asteburuko maila bikaina erakutsi, eta kortea gainditu gabe geratu zen. Ultzamako kirolariak zazpi kolpe egin zituen zelaiko parretik gora (72); izan ere, 73 eta 78 kolpe behar izan zituen ibilbidea betetzeko lehian aritu zen bi egunetan.
Nahiz eta aste honetan emaitza txarra lortu, ultzamarrak munduko lehen hamarren artean jarraitzen du. Hamargarren dago, aurreko astean bezala, hain justu ere.
Kaliforniako txapelketa Nasa Hataoka japoniarrak bereganatu zuen (-18). Emaitza horren ostean, Hataoka hirugarren dago munduko sailkapenean.