Beste kirolak
54. EKITALDIA
30.000 korrikalarik baino gehiagok hartuko dute parte Behobia-Donostia lasterketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antolatzaileek gizonezko eta emakumezko parte-hartzaileen arteko parekotasuna lortu nahi dute 2025erako.
-
2017ko lasterketako hainbat parte-hartzaile. Argazkia: EFE
Behobia-Donostia lasterketak 30.000 parte-hartzaile batuko ditu igande honetan, probaren 54. edizioan. Zehazki esateko, 30.912 korrikalari aterako dira Behobiako irteeratik Donostiako helmugara iristeko asmoz. Nahiz eta lasterketak 2015ean jo zuen goia (urte hartan parte-hartzaileak 34.000 izan baitziren), azken bost urteetan korrikalarien kopurua ez da 30.000tik jaitsi.
Kirol-proba antolatzen duen Fortuna Kirol Elkarteak aurtengo lasterketa aurkeztu du astearte honetan, eta, bertako ordezkariek azpimarratu dutenez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko parekotasunera heltzea dute helburu etorkizunean. Hain zuzen ere, Arantza Rojok azaldu duenaren arabera, 2025 urterako espero dute parte-hartzaileen % 50 emakumezkoak izatea, gora baitoa euren izen-ematea.
Kirol arloari propio dagokionez, eta aurreikuspenak aintzat hartuz gero, 2012an garaile izan zen Jaume Leiva katalana da faborito nagusia gizonezkoen artean. Haren aurkari nagusienetakoa joan zen urtean hirugarren sailkatu zen Iraitz Arrospide izango da. Emakumezkoen kategoriari helduz, Aroa Merino iazko irabazleak Diana Martin izango du aurrez aurre garaipena lortu nahian.
Antolatzaileek baieztatu dutenez, Kathrine Switzer irteeran egongo da. Switzer Bostongo maratoia amaitu zuen lehen emakumea izan zen 1967. urtean, hau da, emakumezkoen presentzia lasterketa popularretan baimenduta ez zegoen garaian.
Horrez gain, 20 urte baino gehiagoz luzera-jauziko munduko markarik onenaren jabe izan zen Bob Beamon jauzilari estatubatuarrak lasterketak antolatzen dituen jarduera paraleloetan parte hartuko du. Baita Niurka Montalvok ere, zeina diziplina berean munduko txapelduna izan zen 1999an.
Bata zein bestea Donostian daude aste honetan zehar, Gipuzkoako hiriburuan asteartetik larunbatera egingo den Nazioarteko Atletismo Film Festibala dela-eta.