Itxi

Beste kirolak

Urriaren 20an

1.711 korrikalarik egingo diote aurre Hiru Haundiak lasterketaren erronkari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ultrairaupeneko mendi-lasterketaren XXI. ekitaldia urriaren 20an jokatuko da 101,6 kilometroko ibilbidean zehar.

Guztira 1.711 lasterkari arituko dira urriaren 20an jokatuko den Hiru Haundiak ultrairaupeneko mendi-lasterketaren XXI. ekitaldian. Parte-hartzaileek euskal mendi esanguratsuenetako hiru (Gorbeia, Anboto eta Aizkorri) igo beharko dituzte, 101,6 kilometro eta 5.126 metroko desnibel positiboa duen ibilbidean.

Aipatu ibilbide horretan, oso ikusgarriak diren parajeak zeharkatu dituzte korrikalariek, horietako zenbait natur parke gisa izendatuta daudenak. Lasterketa Murgian hasi eta Gorbeia, Ubidea, Otxandio, Urkiola, Anboto eta Landatik igaroko da, baita Elgea eta Urkillako mendilerroetatik ere. Azkenik, Aizkorri zeharkatu ostean, Araian amaituko da.

Manuel Iradier txangozale elkarteak antolatzen duen proba ostiraletik larunbaterako gauerdian, 00:00etan, hasiko da, eta egun bereko 24:00etan amaitu. Dena den, aurreikuspenen arabera, lasterketaren irabazleak 12 ordu inguru beharko ditu proba betetzeko.

Mendi-proban arituko diren 1.711 parte-hartzaileek urtarrilean lortu zuten lasterketan jarduteko eskubidea, 3.000 hautagaien artean zozketa batean esku hartu ostean. 2018ko edizioan hazi egin da emakumezkoen izen-ematea, eta, hartara, aurten 171 izango dira proban korrituko duten emakumeak, aurreko ekitaldian baino % 10 gehiago.