Beste kirolak
Lehen jardunaldia
Rahm eta Otaeguik ondo ekin diote Espainiako Irekiari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jon Rahm eta Adrian Otaegui euskal golf-jokalariek zenbaki onak zituzten txartelak (-5 eta -3, hurrenez hurren) aurkeztu dituzte txapelketako lehen jardunaldian.
-
Jon Rahm, lehia betean. Argazkia: EFE
Jon Rahm barrikarrak, igandera bitartean jokatuko den Espainiako Irekia irabazteko faborito nagusiak, 67 kolperekin bete du lehen jardunaldiko ibilbidea, hau da, parraz azpitik bost kolpeko txartela aurkeztu du, eta lehen postuan berdindurik dauden Marc Warren (Eskozia) eta Paul Dunne (Irlanda) jokalariengandik kolpe bakarrera dago. Rahmekin batera beste hamar jokalari daude hirugarren tokian parekaturik.
Munduko sailkapenean laugarren den bizkaitarrak birdieak lortu ditu 3., 5., 7. eta 13. zuloetan; 18.ean, gainera, eagle bat lortu du (bi parretik behera). Zenbaki horiekin buruko postuetan kokatu da Europako Zirkuituari dagokion torneoa irabazteko.
"Ez nuen espero gaur jokatu dudan bezala jokatzea", onartu du Rahmek. "Hasierako kolpeak pentsatu baino askoz hobeto eman ditut. Oso gutxitan jotzen zaio driverrarekin hain ondo, eta horrek 7. eta 13. zuloetan oso birdie errazak lortzea ahalbidetu dit. Aprobetxatu beharreko egunak dira, eta horri esker buelta on bat egin ahal izan dut. Ea horren ondo jokatzen jarrai dezakedan", adierazi du.
Bere aldetik, Adrian Otaegui donostiarra ere modu onean aritu da, eta parra azpitik hiru kolpe egin ditu. Horrenbestez, txapelketa eskuratzeko borroka betean jarraitzen du gipuzkoarrak ere, hiru kolpera baititu liderrak.