Beste kirolak
Espainiako Irekia
Jon Rahm: 'Ez naiz oporretan etorri, txapelketa bat irabaztera etorri naiz'
Agentziak | Erredakzioa
Aurtengo edizioko faborito nagusia da Rahm, baina hori "zama" baino "motibazioa" dela esan du golf jokalari bizkaitarrak.
-
Jon Rahm. Foto: Efe.
Jon Rahm, munduko golf jokalari onenen zerrendan laugarren eta Espainiako txapeldun kadete, junior, 18 urtez azpiko eta elite kategorietan, Espainiako Irekia jokatzen ari da. Apirilaren 12tik 15era jokatuko da, eta bizkaitarrak txapelketa irabazteko helburua du, “zirkulua ixteko”.
Iragan igandean, Rahmek laugarren egin zuen Augustako Masters txapelketan, eta Espainiako Irekia irabazi nahi du, bere izena Antonio Garrido (1972), Severiano Ballesteros (1981, 1985 eta 1995), Sergio García (2002), Álvaro Quirós (2010) eta Miguel Ángel Jiménez (2014) aurreko edizioetako irabazle espainiarren ondoan idazteko txapelketako palmaresean.
"Txapelketa honetan, Espainiako golfaren historiaren parte diren jokalariak gailendu dira, eta nire izena ere haienaren ondoan egotea gustatuko litzaidake", esan du Barrikako jokalariak.
Augustatik iritsi berritan, "nekatuta" dagoela eta "jet lag"aren ondorioak jasaten ari dela onartu du, baina igandean txapeldun izateko ahal duen guztia egingo duela azpimarratu du euskal jokalariak. "Ez naiz oporretan etorri, txapelketa irabaztera etorri naiz, txapelketak oso serio hartzen ditut. Ahal dudan guztia egingo dut ondo jokatzeko, horretara etorri naizelako", esan du prentsaurrekoan.
Rahm da, hain zuzen, edizio honetako faborito nagusia, kontuan izanda munduko sailkapenean laugarren dagoela, Dustin Johnson, Justin Thomas eta Jordan Spieth jokalarien atzetik. Bizkaitarrarentzat faborito izatea ez da "zama", "motibazioa" baizik.