Beste kirolak
DOPINA
Errusiak ezin izango du 2018ko Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak hartutako erabakiaren arabera, kirolari errusiarrek 'Errusiako Atleta Olinpikoa' izendapenarekin lehiatu ahalko dute, baina bandera olinpikoa erabilita.
-
Hainbat zale errusiar Sotxiko Olinpiar jokoetan lortutako domina bat ospatzen. Argazkia: EiTB
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NBO) astearte honetan jakitera eman duenez, Errusiako Batzorde Olinpikoak ezin izango du parte hartu datorren urtean PyeongChangen (Hego Korea) jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetan, "dopinaren aurkako sistema sistematikoki manipulatzeagatik".
NBOk hartutako erabakiaren arabera, kirolari errusiarrek 'Errusiako Atleta Olinpikoa' izendapenarekin lehiatu ahalko dute, baina bandera olinpikoa erabilita, baldin eta dopin azterketa zorrotzak gainditzen badituzte.
NBOren Zuzendaritzak Lausanan (Suitza) egindako bileran hartu ditu aipatu erabakiak, Schmid txostena aintzat hartuta. Txosten horretan jasotzen denez, "Errusiak dopinaren aurkako arauak behin eta berriz hautsi ditu".
Errusia Neguko Olinpiar Jokoetatik kanporatzeaz gain, NBOk Vitaly Mutko Errusiako Kirol ministroa inongo Joko Olinpikoen antolakuntzatik at utzi du; halaber, eta Alexander Zhukov Errusiako Batzorde Olinpikoko presidentea ez da NBOko kide izango gehiago.