Beste kirolak
Alpinismoa
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza behe-kanpamentuan dira jada
Agentziak | Erredakzioa
Aklimatazio fasea hasi eta igoera egiteko bidea ikuskatzeari ekingo diote orain hiru euskal alpinistek eta Arkaitz Saiz argazkilariak.
-
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. Argazkia: Wopeak.
Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak osatutako espedizioa Gasherbrum mendietako behe-kanpamentuan dira jada. Hiru euskal alpinistak ekainaren 6an atera ziren Bilbotik G-I (8.068 metro) eta G-II (8.035 metro) mendiak igotzeko helburuarekin.
Euren taldeak aditzera emandakoaren arabera, eta lehen zatia "espero baino lehen" eta "eguraldi nahasiarekin" bete ostean, hiru alpinistek eta Arkaitz Sainz argazkilariak aklimatazio fasea hasi eta igoera egiteko bidea ikuskatzeari ekingo diote.
"Glaziarra ikuskatu eta C-Iera igotzeko bidea bilatu behar dugu, izotz blokeen nahasmenaren artean", azaldu du Iñurrategik, espedizioa ondo bukatzeko gakoetako bat "aklimatazioa ondo egitea" izango dela azpimarratu ondoren.
"Elurrak gure alde egitea espero dugu. Hori ez dago gure esku, baina oinarrizkoa da igoera ondo egiteko", gaineratu du gipuzkoarrak. Izan ere, iazko saiakera bertan behera utzi behar izan zuten haizeteen eta elurteen ondorioz.
WOpeak fundazioak bultzatutako espedizio honekin, 2010ean hasitako '8.000ra 8 pausotan' ekimen solidarioari amaiera emango diote.