Beste kirolak
Roland Garros
Hamou bota egin dute kazetari batekin gehiegikeriaz jokatzeagatik
Erredakzioa
Roland Garrosen gertatu da. Tenislari frantziarrak besoa sorbalda gainean jarri dio Eurosport kateko kazatari bati eta saman musuak ematen hasi zaio, kazetariak gainetik kendu ezin izan duelarik.
-
Maxime Hamou. Argazkia: EFE
Maxime Hamou bota egin dute Roland Garros txapelketatik kazetari batekin gehiegikeriaz jokatzearen ondorioz. Hala jakinarazi du astearte honetan Frantziako Tenis Federazioak.
Hamouk 21 urte ditu, eta 282. postuan da munduko sailkapenean. Txapelketara atariko kanporaketen bitartez sailkatu zen, eta lehen txandan galdu egin du Pablo Cuevas uruguayarraren aurka.
Eurosport kateari eskaini dion elkarriztea batean, emakumezko kazetariari besoa sorbalda gainean jarri dio, eta saman musuak ematen hasi zaio. Kazetariak ezin izan du tenislaria gainetik kendu. Eurosportek zuzenean eman ditu irudiak, barkamena eskatu du, eta egoerak nahigabea eragin diela adierazi du.
Bernard Giudicelli Frantziako Tenis Federazioko presidenteak eskatu du ikertzeko tenislariaren portaera desegokia. Maxime Hamouren entrenatzailea den Martin Vaissek azalpen hauek eman ditu: "21 urterekin lelokeria asko egiten dira, baina jakin egin behar da noiz utzi lelokeriak egiteari. Berarekin asko landu behar dudan kontua da".