Beste kirolak
Espedizioa
Everest lehen aldiz neguan eta oxigeno gabe igotzen saiatuko da Txikon
Agentziak | Erredakzioa
Azken 23 urteetan inor da ez Everest neguan igotzen saiatu. Carlos Rubio eta bi mendi-kamerari joango dira bizkaitarrarekin batera: Aitor Bárez eta Pablo Magister.
Alex Txikon Everest neguan eta oxigeno barik igotzen duen lehen alpinista izaten saiatuko da ondorengo asteetan, Txikonek berak ostiral honetan aditzera emandakoaren arabera.
Txikonek (Lemoa, 1981) ospea lortu zuen iragan neguan Nanga Parbat neguan igotzea lortu zuenean, Simone Mororekin eta Ali Sadpararekin batera, ordura arte beste inork lortu ez zuena.
Orain antzerako erronka du Lemoako mendizaleak: Everest neguan igotzea. Munduko mendirik altuena neguan igo zuten azkenak Krysztof Wielicky eta Leszek Cichy poloniarrak izan ziren 1980. urtean. Hala ere, bi horiek oxigeno artifiziala erabili zuten eta 20 kideko espedizio baten babesa izan zuten.
Goi-mailako alpinistek gaur egun dituzten “arauei” jarraituz, Txikon oxigeno barik joango da, eta talde txiki batekin. Espedizioko kideen artean inork ez du osperik nazioartean.
Bizkaitarrak Carlos Rubio (28 urte) izango du lagun erronka honetan. Rubiok "Divina providencia" izeneko bideoa igo berri du Alpeetan, eta, horri esker, Europako alpinismoan egindako ekintzarik onenaren saria eman dio federazioak.
Espedizioan beste bi kide joango dira, mendi-kamerariak eta alpinistak: Aitor Barez eta Pablo Magister. Bi horiek espedizioa grabatuko dute, igoeraren irudiak erabiliz pelikula bat egiteko asmoa baitute.
Mendia bakar-bakarrik hornitu
Igoerarako bost xerpa bakarrik erabiliko dituzte eskailerak eta sokak jartzeko Khumbuko ur-jauzian, oinarrizko kanpamenduaren eta lehenengoaren arteko izotz blokeen eremuan, eta serak edo izotzezko blokeen labirintoan.
Hortik aurrera, behin ur-jauzia gaindituta, mendia eurek bakarrik hornituko dute. Hori dela eta, materiala beraiekin eramango dute, horrek dakarren esfortzuarekin. Ohiko bideari jarraituko diote, hegoaldekoari, eta altueran lau kanpamendu jartzeko.
Erronka benetan zaila da Txikonena; izan ere, azken 23 urteetan ez da inortxo ere horrelakorik egiten saiatu. Txikonek esan duenez, ez dakite beste espediziorik aurkituko duten, eta hori “ona edo txarra” izan daiteke, ondo konponduz gero, bide hornitzeko laguntza izan dezaketelako, baina ondo konpondu ezean, giro lehiakorra sor liteke, eta lemoarrak ez du horrelakorik nahi.
Gabon egunean aterako dira
Bilbotik Gabon egunean aterako dira Katmandura, eta oinarrizko kanpalekuan urtarrilaren 5-6an egotea espero dute. Ondoren, mendiaren baldintzen mende egongo dira aurrera egiteko, eta, aurreikuspenean arabera, otsailaren bukaeran gailurrera iritsiko dira.
Txikonek 14 zortzimilakotik zortzi igo ditu, eta Everest da falta zaizkionetako bat. Aukeratutako bideoa ohikoa den arren, Txikonek esan du "pazientzia, konpromiso handia eta zortea" beharko dute elur kopuruari, 150 kilometro orduko haizeari eta zeroz azpiko 60 graduko tenperaturari aurre egiteko.