Beste kirolak
Ikerketa
Schumacher 'abiadura txikian' ari zen eskiatzen
Erredakzioa
Patrick Quincy fiskalaren esanetan, ikerketa nahiko aurreratuta dago, baina oraindik ez dute bukatu.
-
Michael Schumacherrek istripua izan zuen, eskiatzen zegoela, abenduaren 29an. Efe.
Albertvilleko Fiskaltzak prentsaurrekoa eskaini du Michael Schumacherren istripuaren inguruan egindako ikerketaren emaitzen berri emateko. Abenduaren 29an, Schumacherrek kolpe handia hartu zuen haitz baten kontra Meribelen, Frantziako Alpeetan, semearekin batera eskiatzen ari zela.
Ikerketaren arabera, 'abiadura txikian' eskiatzen ari zen, baina pistatik at zihoan, hiruzpalau metrotara. Patrick Quincy fiskalaren hitzetan, ikerketa nahiko aurreratuta dago, baina oraindik ez dute bukatu.
Egonkor
Schumacher Bat Formulako pilotuak "egonkor" jarraitzen du, baina egoera kritikoan, Grenobleko medikuek astelehen honetan aditzera emandakoaren arabera. Medikuek azaldu dutenez, etengabeko zaintzapean dago, eta bere egoera "kritikoa" da oraindik.
Ospitaleko arduradunek ez dute tratamenduaren zehaztasunik eman, pilotuaren intimitatea gorde beharra argudiatuta, eta ez dute komunikatu gehiago atera edota prentsaurreko gehiago emateko asmorik.