Beste kirolak
Sochi 2014
Paul de la Cuesta eta Lucas Eguibar, Neguko Olinpiar Jokoetara
Erredakzioa
Eskiatzaileak eta boarderrak Sochiko Neguko Jokoetarako txartela ziurtatuta dute. Joseba eta Imanol Rojo anaiak, iraupen eskian, sailkatzeko lehian izango dira hurrengo asteetan.
-
Paul de la Cuesta. Argazkia: EiTB
Hilabete baino ez da falta Sochin (Errusian), otsailaren 7a eta 23a artean Neguko Olinpiar Jokoak ospatzeko eta euskal ordezkaritzak hiru kirolari sailkatuta ditu jada bertan lehiatzeko (horietako bat lesio batetik noiz sendatuko den zain). Beste bik berriz lehian izango dute sailkapena urtarrilean zehar izango dituzten txapelketetan. Bost kirolari gipuzkoar dira guztira: Paul De la Cuesta eskiatzailea eta Lucas Eguibar boarderra (txartela lortu dute dagoeneko); Jon Santacana eskiatzaile paralinpiarra, orpazurda hautsi eta gero errekuperazio lanetan ari dena, eta Joseba eta Imanol Rojo anaiak, iraupen eskian sailkatzeko dituzten aukerak urtarrilean zehar argituko dituztenak.
Paul De la Cuestak (Donostia, 1988/11/28) 2014ko Jokoetarako sailkapena lortu du jada eta bertan honako proba hauetan parte hartu dezake; Jeitsiera (2/9), Super Konbinatua (2/14), Super Erraldoia (2/16) eta Erraldoia (2/19). 2010ean Vancouverreko Neguko Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte donostiarrak eta 32. Amaitu zuen Eslalomean, 35. Super Erraldoian eta 51. Jeitsieran. Azken urtean, 2013ko Munduko txapelketan inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Austriako Schaldming eski estazioan, 18. amaitu zuen Super Konbinatuan, 33. Jeitsieran eta 37. Super Erraldoian.
Lucas Eguibarrrek (Donostia, 1994/02/09) ere Sochirako sailkapena lortu du jada eta bertan SBX (Snowboardcross) proban hartuko du parte lehen aldiz. 2012-2013. denboraldia izan zuen aurrenekoa senior mailan eta emaitza nabarmenak lortuz gainera (6. izan zen Sierra Nevadan eta 3. Suitzako Arosan). 2012an Munduko junior txapelduna izendatu zen Erzurumen (Turkia) eta bere kirol-ibilbidean zenbait garaipen ere lortu ditu Europa Cup txapelketan. Hurrengo egunetan, urtarrilaren 9tik 12ra bitartean, Vallnordeko Munduko Kopan arituko da Andorran, Jokoen aurretik egingo den goi mailako azken lehiaketariko baten parte hartuz.
Jon Santacana (Donostia, 1980/11/1) iragan irailean Australian entrenatzen ari zela Akilesen tendoia hautsi eta gero, errekuperazio lanetan ari da gaur egun. Sendatu ezkero Sochiko 2014ko Paralinpiar Jokoetan lehiatuko litzateke bere laugarren parte hartzean, Salt Lake City (2002), Turin (2006) eta Vancouverren (2010) egon eta gero. Guztira 6 domina lortu ditu eskiatzaile paralinpiarrak, hiru 2002an eta beste hiru 2010ean. Bere kirol-lorpenen artean urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak pilatu ditu era berean Munduko Kopatan, Munduko txapelketetan eta Europakoetan. B2 mailako ikusmen-urritasuna du Jonek eta 2012-2013 denboraldia bere ibilbideko oparoenetarikoa izan du Miguel Galindo bere gidarekin batera. Elkarrekin urrezko hiru domina eskuratu zituzten Munduko Txapelketan, eta horrez gain, Munduko Kopako eta Europako Kopako sailkapen orokorra. Sochiko Joko Paralinpiarretako probak martxoaren 8tik 15era artean ospatuko dira.
Bien bitartean Joseba eta Imanol Rojo anai tolosarrek lehian jarraitzen dute, Javier Gutierrez kantabriarrarekin batera. Iraupen eskiko proban parte hartzeko txartela dute jokoan. Estatuko eskiatzaileek hurrengo probetan lortzen dituzten emaitzen arabera erabakiko da guztia urtarrilaren amaierarako.