Beste kirolak
45 urte
Schumacherrek koman eta larri jarraitzen du, urtebetetze egunean
Erredakzioa
Bat Formulako pilotu ohiak 45 urte bete ditu gaur. Ferrari taldeak omenaldi berezia egin dio, bere webgunean 72 argazkiko galeria jarrita.
-
Michael Schumacher Sebastian Vettel egungo Bat Formulako txapeldunarekin. Efe.
Ferrari taldeak omenaldi berezia egin dio Michael Schumacherri, pilotu ohiaren 45. urtebetetzean. Schumacherrek egoera larrian eta artifizialki eragindako koman jarraitzen du, Frantzian eskiatzen zegoela izandako istripuaren ondorioz. Ferrari taldeak "onena" opa dio alemaniarrari momentu latz hauetan.
"Ferrari osoa, Luca di Montezemolo presidentea eta Stefano Domenicalli zuzendaria buru dituela, gertutik jarraitzen ari da Schumacherren osasun egoera eta familiarekin harremanetan dago. Gaur, noski, onena opa diogu", adierazi dute talde italiarretik.
Gauzak horrela, Schumacherrek Ferrarin bizitako "milaka momentu zoragarrietatik" 72 hautatu dituzte eta argazki galeria bat argitaratu dute Bat Formulako taldearen webgunean.
"Ez da edonola aukeratutako argazki kopurua, Michaelek gurekin lortutako garaipenen kopurua baita: 1996 eta 2006 artean 72 Sari Nagusi irabazi zituen eta garaipen haiekin guk eta milioika zalek disfrutatu dugu, mundu osoan zehar. Emozio ahaztezinak izan dira. Horiek guztiek eta bere pasioak, konpromisoak eta dedikazioak, Michael Ferrariko familiako kide egin dute, betirako".