Arrauna
Egutegia
Eusko Label Liga eta Euskotren Liga uztailaren 5ean abiatuko dira
EITB MEDIA
Berritasun gisa, emakumezkoen liga ez da Zarauzko Ikurrinarekin amaituko, Getarian baizik, baina 16 jardunaldi izaten jarraituko du.


TKE goizean bildu da Bermeoko Arrantzaleen Museoan 2025eko hirugarren ohiko batzarra egiteko. Hitzordu horretako puntu aipagarrienak 2025eko aurrekontua eta Traineru Kluben Elkarteak antolatutako bi ligetako lehiaketen egutegia onartzea izan dira.
Eusko Label Liga eta Euskotren Liga uztaileko lehen asteburuan hasiko dira Bilbon eta Sestaon, eta beste denboraldi batez, lau hitzordu izango dira Galizian. Kantabriak ere bere lekua izango du 2025eko egutegian, uztailaren 27an Castro Urdialesen, CaixaBank banderarekin.
Ligek Bilbon emango diote hasiera 2025eko denboraldiari, uztailaren 5ean. Asteburu horretako bigarren jardunaldia Sestaon jokatuko da. Pasai Donibaneko estropada uztailaren 19an jokatuko da, denboraldiko bigarren erlojupekoa izango da, eta 2 luzetara jokatuko da.
Galiziara, berriz, abuztuaren 9an eta 10ean bidaiatuko dute estreinakoz Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak aurten. Larunbatean, Barbanza Arousa Bandera jokatuko da Pobra do Caramiñalen. Igandean, berriz, Boiron jokatuko da estropada, Boiroko Bandera.
Zarauzko Ikurrina abuztuaren 16an eta 17an jokatuko da, eta iaz hasitako bideari jarraituz, Euskotren Ligaren 16 jardunaldiak bermatu dituzte. Hortaz, aurten Euskotren Ligaren azken asteburua Ondarroan eta Getarian jokatuko da, abuztuaren 23an eta 24an.
Play-offak
Galiziako bigarren hitzordua abuztuaren 30ean eta 31ean lehiatuko da. Eusko Label Ligako 17. eta 18. jardunaldietan. Play-offeko bi jardunaldiak eta Eusko Label Ligaren amaiera irailaren 20an eta 21ean jokatuko dira, Bermeon eta Portugaleten.