Arrauna
Kontxako Bandera
Bermeok aurkariak jipoitu ditu lehen jardunaldian eta bandera ia irabazita dauka
L. E. A. | EITB MEDIA
14 segundo atera dizkio lehenengo txandan jaun eta jabe izan den Zierbenari, 15 Donostiarrari eta 25 Oriori. Lau ontzi horiek izango dira datorren igandeko ohorezko txandan.
Bermeo Urdaibaik erakustaldia eman du Kontxako Banderaren 129. ekitaldian. Bou Bizkaiak, Eusko Label Ligako irabazlea, hegan egin du bigarren txandan eta Donostiarra, Orio eta Getaria txandakideak oso atzean utzi ditu.
Gorka Aranberrik zuzendutako ontziak Zierbenak lehen txandan egindako denbora bikaina izan du erreferentzia modura. Galipoak jaun eta jabe izan dira lehen txanda horretan, eta bukaeran 19 minutu eta 19 segundo.
Bigarren txandan, Bermeoko ontzia estropadaren buruan jarri da hasiera-hasieratik, Oriorekin batera. San Nikolas ontziko eskifaiak estropada bikaina egin du, Zierbenak egindako denboraren parean, azken txanpan Donostiarrak aurrea hartu dien arren. Oriotarren ahaleginak, baina, saria izan du: datorren igandean ohorezko txandan arituko baitira.
Urdaibaik argi utzi du gaur buruan izan duen ideia: Kontxako Bandera lehen jardunalditik euren alde puskatzea. Bizkaitarrek ez dute ezustekorik nahi, Ligan ere oso gutxitan egin die ihes garaipenak, eta Kontxa irabazita duten ligaren bide beretik jarraitzea nahi dute.
Horrela, bermeotarrek denboraldiko estropadarik onenetarikoa egin dute, onena ez bada. Ziabogan, 5 segundotan hobetu dute Zierbenaren kronoa. Galipoak ziren, aurreikuspen guztien arabera, Iker Zabalaren arraunlarien etsai nagusia, Donostiarrarekin batera, bandera irabazteko. Bi ontzi bizkaitarrak onenak izan ziren ere asteazkeneko sailkatze estropadan; 10 ehuneneko alde txikia izan zen bien artean, Zierbenakoen alde.
Zierbenako ontzia, lehen txandako onena. Irudia: EITB Media.
Itzuliko luzean, Bou Bizkaia nabarmen aurretik joanda, atentzioa Orioren eta Donostiarraren arteko lehian izan da. Bigarren postua nahi zuten biek, beti ere Zierbenak egindakoa kontuan izanda.
Azkenean, Bermeok denbora bikaina egin du helmugan: 19 minutu eta 5 segundo, Zierbenarena baino 14 segundo hobea, Donostiarrak baino 15 gutxiago eta Oriok baino 25 gutxiago. Lau traineru horik izango dira, hain zuzen, datorren igandeko bigarren eta azken jardunaldiko ohorezko txandan.
Kontxako Banderako 1. jardunaldiko denborak