Arrauna
Kontxako Bandera
Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku sailkatu dira Kontxako Banderarako
EITB MEDIA
Asteazkenean jokatutako sailkapen-estropadan, gizonezkoen proban, jokoan zeuden zazpi txartelak eskuratu dituzte. Kaikuk, Ligako hamargarren sailkatua bera, ustekaberik handiena eman du, eta Arese, segundo batengatik, Lekeitio eta Ondarroa kanpoan utzi ditu.
Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku sailkatu dira 2024ko Kontxako Banderarako, asteazkenean, Donostian. Sailkapen-estropadan, gizonezkoen proban, jokoan zeuden zazpi txartelak eskuratu dituzte, eta denboraldiko estropadarik garrantzitsuenean izango dira, hurrengo bi igandeetan, irailaren 1ean eta 8an. Kaikuk, Eusko Label Ligako hamargarren sailkatuak, ustekaberik handiena eman du, eta Aresek, segundo batengatik, Lekeitio eta Ondarroa kanpoan utzi ditu.
Testuinguru horretan, aipatutako zazpi taldeak eta Donostiarra lehiatuko dira 129. Kontxako Banderan. Zierbena izan da sailkatzeko estropadako erlojupekoan onena, 19:44ko denbora eginda, Urdaibai hamarren batera sailkatu da, eta Orio hamar segundora. Cabok 20:04 behar izan du bi luzeak osatzeko, laugarren postua eskuratu du eta estropada bikaina egin; Getariak eta Hondarribiak, 20:08 eginda, bosgarren eta seigarren txartelak eskuratu dituzte, eta Kaiku, 20:15ekin, barruan sartzea erdietsi du; itzuliko luzean, indar handia erakutsi du Sestaoko taldeak.
Kaikuko arraunlariak, pozarren, sailkatzea lortuta. Argazkia: EITB Media.
Aresek, Galiziako Ligako txapeldunak, Kaikuk baino segundo bat gehiago baliatu du; segundo hori, baina, erabakigarria izan da, Ares horregatik gelditu baita kanpo. Lekeitio, 2023an zortzigarren, bederatzigarren izan da orain, Kaikuk baino lau segundo gehiago eginda, eta Ondarroa sailkatu da hamargarren, 20:20ko denbora eginda.
Irudia: EITB Media.
Lehenengo jardunaldirako bi txandeterako zozketa
Sailkapen-estropada amaituta, Kontxako Banderako lehenengo jardunaldiko bi txandetako zozketa egin dute. Hala, Hondarribia, Cabo, Kaiku eta Zierbena arituko dira lehenengo txandan, eta Orio, Getaria, Urdaibai eta Donostiarra ibiliko dira bigarren txandan.