kirolak
Paris 2024, Eguneko laburpena
Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia abuztuaren 1ean, osteguna
EITB MEDIA
Euskal kirolariek ostegun honetan, abuztuak 1, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzen laburpena: arrauna, golfa, ur-poloa, saskibaloia 3x3, eskubaloia, piraguismoa eta surfa.
-
Pau Etxaniz. Argazkia: EFE
PIRAGUISMOA
Pau Echaniz piraguista gipuzkoarrak brontzezko domina eskuratu du Paris 2024ko Joko Olinpikoetako eslalomeko piraguismoaren K1eko finalean hirugarren postuan geratuta. 88.87ko denbora lortu du (bi segundoko zigorra) Vaires-sur-Marneko instalazioetan.
Podiumean sartu da, urrea irabazi duen Giovanni di Gennaro italiarraren (88.22) eta zilarra irabazi duen Titouan Castryck frantziarraren (88.42) atzetik. Are gehiago, ukitu batengatik zigorrik jaso izan ez balu, lehen postuan bukatuko zukeen.
Pau Echaniz K1eko finalean. Argazkia: EFE
SURFA
Nadia Erostarbe surflariak final-laurdenetarako txartela lortu du Shino Matsuda japoniarra kanporatuta (8.34 eta 5.84), eta finalerdietara sailkatzeko lehiatuko du ostegun honetan bertan.
Tahitin pare bat egunez lehiatu gabe egon ondoren, itsasoaren egoera txarragatik, Erostarbe lehiara irten da behingoz.
Nadia Erostarbe. Argazkia: Basque Team
GOLFA
Jon Rahm bizkaitarrak bere lehen hitzordu olinpikoa bizi du Parisen, eta doblebogey batekin zapuztu du eguna bere azken aurreko zuloan, ibilbide bikaina egiten ari zenean. Bi eaglerekin, 67 kolpeko (lau parearen azpitik) txartelarekin bukatu du, lehen hamarren artean, liderrarengandik lau kolpera.
Gainera, lau birdie gehitu ditu (9, 12, 13 eta 17. zuloak), baina bi bogeyrekin okertu du (7, 8). Azkenean, 16. zuloko doblebogeyak taularen goialdean kokatzea eragotzi dio.
Rahm, lehen jardunaldian. Argazkia: EFE
ESKUBALOIA
Lysa Tchaptchet nafarrak jokatzen duen emakumezkoen eskubaloiko Espainiako selekzioak laugarren porrota lortu du Hungariaren aurka, 24-27, Parisko txapelketa olinpikoan. Ondorioz, Frantziaren aurkako azken partidaren faltan, txapelketatik at geratu dira matematikoki.
Tchaptchet ez da Olinpiar Jokoetan jokatu duen azken partidaren hasierako zazpikoan egon, eta ez du golen bat sartzeko aukerarik izan agur esateko partidan.
Tchaptchet , aurreko partida batean. Argazkia. EFE
ARRAUNA
Virginia Diaz Basque Teameko arraunlaria seigarren geratu da ostegun honetan jokatutako banakako scull finalaurrekoan; beraz, ezingo da A finalean lehiatu. 7 minutu eta 37 segundoko denboran osatu ditu 2000 metroak, eta B finalean hartuko du parte. Karolien Florijn holandarra, Tara Rigney australiarra eta Desislava Angelova bulgariarra sailkatu dira A finalerako.
Virginia Diaz, ostegun honetako finalaurrekoan. EFE
UR-POLOA
Espainiak 11-15 irabazi dio bi aldiz txanpeldun olinpikoa izandako Serbiari. Alberto Munarriz nafarrak bi gol sartu ditu, eta sei jaurtiketa egin ditu atera, 21 minutu jokatuta.
Horrenbestez, Espainiako taldeak hirugarren garaipena lortu du Parisko olinpiar jokoetan. David Martinek gidatzen duen selekzioak Japoniaren (larunbatean) eta Frantziaren aurka (astelehenean) jokatuz amaituko du multzoen fasea, taldeko lehen postua ziurtatzeko asmoz.
Alberto Munarriz aurreko partida batean. Argazkia: EFE
SASKIBALOIA 3X3
Hortense Limouzin jokalari lapurtarraren Frantziako selekzioak 10-15 hartu du mendean Azerbaijan. Limouzinek bost puntu saskiratu ditu norgehiagokan, hiru errebote bereganatzeaz gain. Aldiz, porrot latza jaso dute Kanadaren aurka, 13-9.
Txinaren eta Espainiaren arteko partidan, Gracia Alonsoren taldeak 14-11 galdu du. Bilbotarrak puntu bakarra lortu du bere taldearentzat. Beranduago, Estatu Batuen aurka ere galdu dute (11-17), egungo txapeldun olinpikoak direnak.
Gracia Alonso, Txinaren aurkako partidan. Argazkia: EFE