Arrauna
2024 denboraldia
San Juanek irabazi du KAE1 Ligako estreinako estropada; bitik bi garaipen Zumaiarentzat ETE Ligan
EITB Media
Etxean garaile izanda ekin dio San Juanek KAE1 Ligari. ETE Ligako bigarren jardunaldian Zumaiak bere bigarren garaipena jarraian eskuratu du.
Pasai Donibanen jokatu dira KAE1 Ligako lehen jardunaldiko eta ETE Ligako bigarren jardunaldiko estropadak. Biak ala biak erlojupeko modalitatean egin dira.
2024ko KAE1 Ligako estreinako jardunaldian San Juan izan da irabazlea; ondorioz, Pasaiako Ikurrina irabazi du. Zumaiak amaitu du bigarren 34 segundora eta Lapurdik hirugarren 42ra. Hondarribia B deskalifikatu egin dute, San Juani oztopo egiteagatik.
KAE1 Ligako sailkapen nagusiko liderra da San Juan 12 punturekin, Zumaia dago bigarren postuan (11 puntu) eta Lapurdi hirugarrenean (10 puntu).
ETE Ligako bigarren jardunaldiko estropada Zumaiak irabazi du; beraz, Pasaiako Ikurrina bereganatu du. Astillero izan da bigarren 69 ehunenera eta Kaiku hirugarren 8 segundora.
Hala, bada, ETE Ligako sailkapen nagusiaren buruan da Zumaia 16 punturekin, bigarren postuan dago Astillero 14 punturekin eta Kaiku da hirugarren 12 punturekin.